Delorean taldeak azken kontzertuak jakinarazi ditu

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 15a, 12:00
Delorean talde zarauztarra. (Alva Yruela)

Talde zarauztarrak urrian iragarri zuen amaitutzat jo duela bere ibilbidea, eta agur esateko kontzertuak emango zituztela ere jakinarazi zuten. Hilaren 26an hasiko dira azken emanaldiekin.

Delorean taldeak urriaren 17an azaldu zuen amaitutzat jo duela bere ibilbidea, sare sozialetan argitaratutako mezu zabal baten bidez. Dena den, agur esateko kontzertuak eskainiko zituztela ere iragarri zuten, datarik eta lekurik zehaztu ez bazuten ere.

Talde zarauztarrak gaur jakinarazi duenez, urtarrilaren 26an, larunbata, hasiko dira azken emanaldiekin. Intxaurrondo Kultur Etxean izango da kontzertua, Donostian. Otsailaren 22an Bartzelonan joko dute; hurrengo egunean, Madrilen; eta martxoaren 15ean, Bilboko Kafe Antzokian emango dute kontzertua.

Deloreanek ibilbide oparoa izan du azken bi hamarkadetan. 2004an kaleratu zuen bere lehenengo diskoa, Delorean, eta ordundik, beste sei disko, bi EP eta hainbat single ere atera dituzte.