Ostalarien eta bestelako establezimenduen bi ordenantza berri azaldu zituzten astelehenean Etxezabalan. Paul Muñoa teknikariak azaldu zuenez, lizentzia berria eskatzen dutenek bakarrik bete beharko dituzte ezarritako arau berriak, ordenantzak indarrean sartzen direnean. Aurretik lizentzia daukatenak, ordenantzek erreferentzia egiten dieten guneetan aldaketak egin nahi badituzte egokitu beharko dira araudira.
Lau taldetan sailkatuta daude establezimenduak, zerbitzuaren eta ordutegiaren arabera. Lehenengo taldekoek ez dute alkoholdun edaririk zerbitzatzen, bigarren taldekoek egunez zabaltzen dituzte tabernak, eta hirugarren eta laugarren taldeek gaueko ordutegia ere badute.
Bi ordenantza berri aurkeztu zituzten. Lehenengoak establezimenduen barruko neurriak arautzen zituen. Aurrerantzean zabalduko diren taberna berriek gutxienez 50 metro karratuko azalera izan beharko dute, eta publikoa egoteko prestatutako espazioak (barra, komunak, sukaldea eta abar kenduta) gutxienez 30 metro karratu izan beharko ditu 1 eta 2 taldeetako establezimenduetan, eta 50 metro karratu, 3 eta 4 taldeetako establezimenduetan. Neurri hauen bidez, jendea taberna barruan egotea ahalbidetu nahi dute. "Ez dugu nahi tabernak barra hutsak izatea eta taberna kalean egotea".
Komunei dagokionez, 200 metro karratu baino gutxiagoko establezimenduek bi komun gune izan beharko dituzte, eta bietako bat gutxienez aniztasun funtzionala dutenentzat egokitu beharko da. 200 metro karratu baino handiagoak diren tabernek, berriz, lau komun gune izan beharko dituzte.
Tabernetako sukaldeek gutxienez 10 metro karratu izan beharko dituzte, eta sukalondoek (kea eta usaina ateratzen duten aparaturik gabeko guneek), berriz, bost metro karratu.
Neurri hauek guztiek salbuespenak izan ditzaketela azaldu zuen Muñoak, kasuan kasukoa aztertuko dutela.
Establezimenduetako ateek bi metroko distantzia izan beharko dute hurbilen daukaten eskaratzetik, eta ateek, gehienez, 1,80 metroko zabaler izan beharko dute. Leihoek finkoak eta irekiezinak izan beharko dute, eta toldoak terrazak eta beladoreak izanez gero soilik eduki ahalko dira. Neurri guzti hauek, «jendea kalean egotera ez gonbidatzeko» direla azaldu zuen udal teknikariak.
Establezimendimenduen arteko distantziei dagokionez, lehengoa mantenduko da: norbaitek lizentzia berria eskatu nahi badu, ezingo du establezimendurik ireki beste taberna batetik 20 metro baino gertuago. 1 eta 2 taldeetako tabernek ez dute arau hau bete beharrik izan orain arte, baina 2011z geroztik talde hauetako 13 taberna baino gehiago zabaldu dituzte herrian, eta haietako asko Alde Zaharrean. Hori dela eta, distantzia errespetatu beharrik izango ez duten lizentzia berririk ez dute emango.
Zenbait tabernen eskaera
2011z geroztik, eguneko ordutegiarekin zabaldu dituzten 13 taberna horietako zenbaitek ezarrita daukaten ordutegia luzatzeko eskatu dute. Gaur egun 08:00etatik 22:00etara izaten dira zabalik taberna horiek, eta orain, 23:00ak arte zabaltzeko eskaera egin dute. Muñoak azaldu duenez, eskaera aztertuko dute datozen egunetan.
Zaratagatik kezkatuta
Zenbait herritar bestelako arau hauste batzuengatik agertu ziren kezkatuta. Askok azpimarratu zuten ordutegi eta zarata kontuak ez direla betetzen, eta udaltzaingoak horren aurrean ez duela neurri eraginkorrik hartzen. Tabernari batek, esaterako, iradoki zuen tabernek bezala, gazte lokalek eta Gaztetxeak ere zenbait arau bete beharko lituzketela. Muñoak azaldu zuen bere garaian gazte lokalen arloa arautuko zuen ordenantza saiakera bat izan zela, baina ez zuela argirik ikusi.
Askok agertu zuten kezka tabernen kanpoaldean izaten zen zaratagatik. Tabernari batek zioen: "guri botatzen digute errua taberna kanpoan izaten den iskanbilagatik, eta hori ez da justua". Herritar batek, berriz, hala erantzun zion: "zaila da hori kontrolatzea, baina zure tabernan 30 pertsona sartzen badira, eta eskaintza bereziak emanez 150 pertsonari saltzen badizkiozu pultserak, gauza ziurra da gainontzeko 120 pertsona horiek kalean egongo direla".