Aurten ez da Sahararen aldeko janari bilketarik egingo Zarautzen

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 15a, 17:02

Saharautz Elkarteko arduradun batek HITZAri adierazi dionez, aurtengoan ez dute janari bilketarik egingo. Bi pertsona arduratu ohi ziren urteroko janari bilketaz, eta biak min hartuta daude. Arduradunak adierazi duenez, egoera horretan ezinezkoa izango da egitasmoa aurrera ateratzea. "Panorama ikusita, duela egun batzuk aurtengoan bilketarik ez egitea erabaki behar izan genuen". Hala ere, hurrengo urtean bilketa aurrera ateratzeko moduan izango direla azaldu du.

Dena den, Saharako kanpalekuetara bidaltzeko janari bilketan ekarpena egin nahi duten zarauztarrek horretarako aukera izango dute inguruko herrietan. Orion, DIA dendan, Herri Ikastolan eta Zaragueta Eskolan egingo dituzte bilketak, eta urtarrilaren 26an, larunbata, herriko plazan ere arituko dira bilketa egiten. Aurtengoan, gehienbat janaria eta konpresak bildu nahi dituztela azaldu du antolatzaileetako batek.

Bestetik, Darahli elkarteak antolatuta, urtarrilaren 23tik 26ra bitartean izango da kanpaina martxan Zumaian, eta herritarrek eskoletan eta dendetan izango dute beren ekarpena egiteko aukera.