Otsailaren 15ean izango da aurtengo Bertsio Gaua

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 16a, 10:50
Putzuzulo gaztetxeak argitaratu du noiz izango den hamahirugarren Bertsio Gaua. (Putzuzulo gaztetxea)

Otsailaren 13an egingo dute antolaketa bilera, eta talde bakoitzeko kide batek bertaratu beharko du. Parte hartzaileek Bertsio Gauerako probasaioak Putzuzulo gaztetxean egiteko aukera izango dute.

Otsailaren 15ean, ostirala, hamahirugarren aldiz egingo dute Bertsio Gaua Putzuzulo gaztetxean, 21:00etatik aurrera. Eraikina okupatu eta urtebetera, 2006an, ospatu zuten aurrenekoz, eta harrezkero urtez urte mantendu duten jaialdi bat izan da.

Otsailaren 13rako, asteazkena, deitu dute Bertsio Gaua antolatzeko bilera irekia, eta derrigorrezkoa da parte hartuko duen talde bakoitzeko kide bat bertaratzea. Putzuzulo gaztetxean elkartuko dira, 19:00etan. Bestalde, parte hartzaile guztiek hartu beharko dute beren gain jaiaren antolaketa eta egikaritzea, hala nola, barrako turnoak, materiala¡, garbiketa eta abar.

Bertsio Gauean, talde bakoitzak gehienez hiru abesti jo ahalko ditu. Parte hartzaileek Putzuzulon entsegatzeko eta probasaioak egiteko aukera izango dute, egunero 17:00etatik aurrera. Dena den, asteazkenetan soilik 17:00etatik 19:00etara izango dira entseguak, 19:00etan hasten baita asteroko gaztetxeko asanblada. Entseguetarako instrumentuak norberak eraman beharko ditu, baina gainontzeko material guztia gaztetxean eskuragarri izango da.