Pertsona nagusien gaitasun kognitiboak trebatzeko ikerketarako boluntarioak behar dituzte

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 16a, 13:09

Hizkuntza, memoria eta funtzio exekutiboak lantzeko entrenamendu-programa batek eragin dezakeen onura aztertzea da ikerketaren helburua, eta 55-75 urte bitarteko zarauztar eskuinei egin diete bertan parte hartzeko deia.

Hizkuntzaren neurozientzia kognitiboa ikertzeaz arduratzen den BCBL zentroak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri programarekin batera, ikerketa berri bat jarri du martxan, zahartze osasungarriari buruz. Helburua 55-75 urte bitarteko pertsonengan entrenamendu-programa batek eragin dezakeen onura aztertzea da, "propio diseinatuko balitz hizkuntza, memoria eta funtzio exekutiboak lantzeko". Gainera, onura horrek garunean gertatzen diren eta gertatu daitezkeen aldaketekin duen harremana ere ikertu nahi dute.

Ikertzaileek azaldu dutenez, azterketatik ateratako emaitzak baliagarriak izan daitezke pertsona nagusien ongizaterako entrenamendu kognitiborako programak abiatzeko. Ariketak ordenagailu bidezkoak izango liratekeela argitu dute.

Bestalde, ikerketak duen garrantzia ere azpimarratu dute BCBL zentroko kideek: "pertsonak zahartzen joan ahala, haien gaitasun kognitibo eta funtzionalak ahultzeko arrisku handiagoa dute. Hainbat esku-hartze ikertu dira, kognizioa eta beherakada funtzional hori atzeratzeko; esaterako, konputarizatutako entrenamendu kognitiboa. Ikerketa horietan aurkitu dute entrenamendu horiek ondorio onuragarriak izan ditzaketela heldu nagusien gaitasun kognitiboetan".

55-75 urte bitarteko boluntarioak

Ikerketa lan hauek aurrera eramateko, ordea, boluntarioak behar dituztela azaldu dute. Beraz, deia egin diete 55-75 urte bitarteko zarauztar eskuinei azterketan eta esperimentazioetan parte hartzeko. Ikertzaileen arabera, boluntarioek 6 astetan zehar 50 minutuko entrenamendu kognitiboak egin beharko dituzte Zarautzen, egunero. Interesa dutenek mezu bat igorri dezakete adinberri@bcbl.eu helbidera, edo 664 430 584 telefono zenbakira deitzeko aukera ere badute.