Ate joka dira Urteta auzoko Sebastian Deunaren festak. Neska-mutil Ardo Elkarteak antolatuta, festa giroa nagusi izango da datozen bi asteburuetan. Nondik ote dator, ordea, Elkartearen izena? Garai batean, Mutil Ardo deitzen zitzaien auzora ardo kupela eramaten zuten mutilei. Hala azaldu du egun batzordeko kide den gazte batek. "Sansebastianetako festak iristean, Mutil Ardoko gazteek ardo kupela ekartzen zuten auzora, eta hura bukatu arte, igandero-igandero, erromeria egiten zuten Urtetan; hala esaten dute, behintzat". Gutxi gorabehera, kupelak Aste Santua iritsi arte irauten zuela azaldu du.
Pixkanaka-pixkanaka, Mutil Ardo taldearen izaera aldatzen joan da, eta orain auzoko festak antolatzeaz arduratzen diren hogei lagun inguruk osatzen dute Neska-Mutil Ardo. "Lehen gizonen kontua zen ardo kupelarena, baina orain neska-mutil talde bat arduratzen gara festak antolatzeaz, beraz, modu naturalean aldatu genuen izena».
Irteteko, ezkondu ala hil
Bada Urtetako festetan urtero-urtero errepikatzen den hitzordu garrantzitsu bat: Neska Mutil Ardoko kideen eta auzoko ezkonduen arteko sokatira desafioa. Tradizioz, ezkongabeak izan ohi dira Neska-mutil Ardo taldea osatzen duten gazteak, eta auzoan diote talde horretatik ateratzeko bi modu bakarrik daudela: ezkondu ala hil. Aurtengoan, ordea, lehen aldiz apurtuko da hori, izan ere, batzordekideak azaldu duenez, Neska-mutil Ardoko kide da oraindik ere 2018ko udan ezkondu zen gazte bat.