Zarauztar bat hil da AP8an Orion, kamioi batekin istripua izanda

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 16a, 19:58

17:25ean gertatu da bi ibilgailuen arteko istripua. Kamioiaren gidariak ez du zauririk izan, baina ibilgailua irauli egin da eta haren zama barreiatu. Ondorioz, auto pilaketa luzeak eragiten ari da istripua Irungo noranzkoan.

58 urteko zarauztar bat hil da gaur arratsaldean Orion, AP8 autobidean auto batek eta kamioi batek Irungo noranzkoan izan duten istripuan. 17:25ean izan da ezbeharra, ezagutzen ez diren arrazoiak tarteko. Talkaren ondorioz, autoko gidaria harrapatuta geratu da ibilgailuaren barruan. Suhiltzaileek atera behar izan dute, baina larrialdi zerbitzuek ezin izan dute ezer egin eta istripuaren lekuan hil da gidaria.

Kamioia, berriz, bidetik atera eta irauli egin da, zeraman zama errepidean barreiatuz. Gidaria onik irten da, baina Irungo noranzkoan autobideko hiru erreietatik bi itxi egin behar izan dituzte eta auto pilaketa handia sortu da, lau kilometro ingurukoa. Lerro hauek idazteko orduan bere horretan jarraitzen zuten trafiko arazoek.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak argitzeko. Hori dela eta, lekukoen laguntza eskatu du; istripuaren gaineko informazioa dutenei eskatu diete Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafiko ordezkaritzarekin harremanetan jartzeko, honako telefono hauetako batera deituta: 943-53 91 25 edota 943-53 91 19.