Bihar egingo dute martxoaren 8ko greba antolatzeko batzarra

Dorleta Agiriano Lai 2019ko urt. 17a, 14:00
Aurten ere greba deitu du Euskal Herriko mugimendu feministak. (Amaia Urbieta Arruti)

Euskal Herriko mugimendu feministak atzo aurkeztu zuen martxoko aurtengo grebaren planteamendua, Gasteizko Talka espazio okupatuan. Aldarrikapenak zeintzuk izango diren, grebara nor deitu duten eta eguna bera nola izango den azaldu zuten, besteak beste. Zarautzen bihar bilduko dira greba eguna antolatzen hasteko, Sanz Enean.

Martxoaren 8ko nazioarteko greba feministarekin bat egin zuen iaz Euskal Herriko mugimendu feministak; 177 herrialdetan egin zuten "emakumeek*" lanik ez egiteko deialdia. "Ohiko moldeetatik haratago" joateko asmoz, "bizitzako esparru guztietan" "planto" egiteko deialdia izan zen: besteak beste, "zaintza-lanak", soldatapeko zein doako lan oro, kontsumoa eta hezkuntza barnebildu nahi izan zituzten, greba eremu horietara guztietara hedatuz. Egun horretan Euskal Herriko kaleak hartu zituen mugimendu feministak, eta "erabateko arrakasta" izan zela ondorioztatu ondoren, aurten ere grebara deitu dute.

Atzo, asteazkena, Gasteizko Talka espazio okupatu eta feministan aurkeztu zuten aurtengo planteamendua. Agerraldi nazionala izan zen, eta greba feminista nola ulertzen duten, aurtengo aldarrikapenak zeintzuk izango diren, grebaren subjektua zein izango den, greba nola egingo duten eta "planto" zerri egingo dioten azaldu zuten, besteak beste. "2019ko Martxoaren 8an emakumeok, transok eta bollerok lan guztiak utziko ditugu eta kaleak hartuko ditugu berriro ere", adierazi zuten.

Mugimendu feministako kideek azaldu dutenez, herri, eskualde eta maila nazionalean ari dira antolatzen, "asanblada ireki zein batzordeetan". Aurtengo grebaren aldarrikapenak zehazteko eta "oinarri politiko amankomunak" adosteko asmoz, kolektibo desberdinekin batu dira, txosten bat idatzi eta aurkezteko. Atzoko prentsaurrekoan aurkeztu zuten emaitza.

Bost ardatz

Martxoaren 8ko grebak bost ardatz izango ditu aurten: ikasketak, enplegua, kontsumoa, zaintza eta pentsioak, aurrenekoz. Iaz bezala, "bizitzako esparru guztietan" kokatuko dute 24 orduko greba; "soldatapeko zein doako lanetan, sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, jakintzak ekoizteko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan eta zapalkuntza guztien aurrean". "Transen, bolleren eta emakumeen bizitzak erdigunean jartzea da egunaren asmoa", gehitu dute.

Greba feministaren bidez, "bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa" aldarrikatuko dute. Horretarako, "zaintzaren berrantolaketa soziala" ezinbestekoa dela iritzi dute. Beraz, "zaintzaren gatazkak" berebiziko garrantzia izango du aurten. Greba egunean "zaintza lanen ardura hartzea" eskatu diete gizonezkoei, "modu autonomoan". Horretaz gain, "gizonezkoek ondoko emakumeei* babesa ematea" ere beharrezkoa izango dela azpimarratu dute.

"Heteropatriarkatuak zapaltzen dituen subjektuak" deitu dituzte grebara, hala nola, "emakumeak, transak eta bollerak". Dena den, "greba feministaren subjektu guztiak" ez direla "emakume bezala izendatzen" argitu dute; "are gehiago, iruditzen zaigu emakume eta gizon kategoria patriarkalekin amaitu beharra dagoela". Horregatik, "emakume*" kontzeptua erabilita, "heteropatriarkatuak zapaldutako subjektuak" barnebildu nahi dituztela azaldu dute.

Planto zabala

Gauzak honela, aurtengo martxoaren 8an greban parte hartzeko modu ugari daudela azaldu dute mugimendu feministako kideek: lantoki eta ikasgeletan greba egitea, tokian tokiko mobilizazioetara joatea, zaintza-lanak uztea eta amantalak balkoian eskegitzea, tokian toki greba antolatzea eta zabaltzea, ikur moreak ipintzea, ez kontsumitzea eta abar, "konpromiso politikoa" gogoan izanda beti ere. "Greba feministarekin eguneroko normaltasunarekin apurtu nahi dugu, hiriak, herriak eta auzoak geldiaraziz. Beraz, dena itxita egotea da helburua", azaldu dute.

Greba eginez, "kapitalismoari, patriarkatuari, heteroarauari, kolonialismoari eta kapazitismoari planto" egitea da helburua. "Egungo zapalkuntza sistema" ezin dela "termino bakar batekin definitu" ulertzen dute, eta beraz, fronte desberdinetan kokatu dute "plantoa".

Zarautzen ere deialdia

Zarautzen ere greba deitu zuen mugimendu feministak iazko martxoaren 8an, eta aurten borroka egunari helduko diote berriz. Bihar, ostirala, Sanz Eneara bertaratzeko dei egin dute, 18:00etan. Aurtengo greba egunaren nondik norakoak lantzea eta antolatzen hastea da batzarraren helburua.