Balorazio postitiboa, zer hobetuarekin

Amaia Urbieta Arruti 2019ko urt. 17a, 16:22
Euskaraldiaren sustatzaileak, ariketaren aurkezpenean. (A. Urbieta Arruti)

Ariketa sozialaren balorazioa plazaratu du Zarauzko Euskaraldiko batzordeak. Duela aste batzuk parte hartzaileek bete ahal izateko balorazio inkestak zabaldu zituzten, eta haietan jasotako erantzunekin atera dituzte ondorio orokorrak.

Atal desberdinetan sailkatu dituzte balorazioan ateratako ondorioak. Euskaraldia ariketari berari dagokionez, ondorioztatu dute Belarriprest potentzial askorengana eta gazteengana ez direla iritsi eta Ahobizi izan diren askok ez dutela beren rola behar bezala bete. 11 egunekoa iraupen motzegia izan dela (gutxienez 21 egunekoa proposatzen dute), eta ariketaren azken egunak igandea izan behar lukeela ere azaldu dute. Orokorrean, ariketa errespetatu eta harrera ona izan badu ere, hierarkia bat sortu dela nabarmendu dute, Belarriprestak Ahobizien azpian kokatuz. Abestiak eta koreografiak ez dutela funtzionatu ondorioztatu dute.

Txaparekiko zalantzak ere plazaratu dituzte balorazioan: gazteei ez zaiela erakargarri egiten, handiagoa izan behar ote duen, haren ordez beste zerbait erabili behar ote zen... Formatua gorabehera, txapak parte hartzaileen artean konplizitatea sortu duela eta 12. egunetik aurrera konplizitate hori mantendu dela adierazi dute.

Batzordearen balorazioa

Talde anitza bildu bada ere, gazteen presentzia txikia nabarmendu dute. Udal teknikarien eta dinamizatzaileen lana ona izan dela uste dute, baina herri mailan euskara eta kultura arloko jendearekin lankidetza bideak sortzeko beharra ikusten dute.

Txapa banaketan eta kaleko ekintzetan zer hobetua badagoela uste badute ere, jendeari markagailuaren eta aho eta belarriaren panpinen ideiak asko gustatu zaizkio.

Eta orain, zer?

Hurrengo edizioa ere bi urteko zikloa izango da. Aurtengoa 2017an hasi ziren prestatzen 2018an ariketa egiteko, eta hurrengoak ere bi urte hartuko ditu. Ariketa masiboa 2020ko udazkenean izango da, beraz.

Entitateek aurtengoan baino rol zentralagoa izango dutela azaldu dute, eta batzordeari herriko entitateekin zuzenean lan egitea egokituko zaiola. 2019a prestaketa urtea izango da.

Topagunetik Euskaraldiaren hurrengo ediziorako planteamendua jasotzen dutenean (udaberri inguruan izan daiteke hori) aztertuko dute eta batzordea zabaltzeko deialdia egingo dute, bide desberdinetatik.

Azkenik, esan dute aurrerantzean Zarauzko Euskaltzaleen Mugimenduan parte hartu nahi duen edonor Beñat Intxausperekin harremanetan jar daitekeela.