Inoiz baino emakume gehiagok parte hartuko du Zarauzko Triatloian

Amaia Urbieta Arruti 2019ko urt. 17a, 20:00
Gorka Silvan, Ainhoa Murua eta Iban San Martin, Triatloiaren aurkezpenean. (Amaia Urbieta Arruti)

Ekainaren 8an izango da aurtengo Zarauzko Triatloia. Aurtengoan, 700 parte hartzailetik 99 izango dira emakumeak, aurreko urtean baino %58 gehiago

Emakumeen presentzia inoiz baino handiagoa izango da aurtengo Zarauzko Triatloian. Azaroan izan zen aurre izen-ematea, eta 2.800 atleta aurkeztu ziren bertara; aurreko urtean baino %40 gehiago. Kopuru horretatik, ordea, 700ek soilik izango dute ekainaren 8an izango den frogan lehiatzeko aukera. Hori erabakitzeko, azaroaren 28an egin zuten zozketa, eta 376. zenbakia eta haren atzetik zeuden 599ak izan ziren zorionekoak. Gainontzeko ehun dortsalak ZTEk banatu ditu.

Erreserbatutako ehun dortsal horien artean, emakumeen parte hartzea handitzeko esfortzu berezia egin du ZTEk, eta guztira, 700 parte hartzailetik 99 izango dira emakumeak; aurreko urtean baino %58 gehiago.   
Triatleten jatorriari dagokionez, Euskal Herriko 279 parte hartzaile izango dira. Gainontzekoak Espainia, Frantzia, Suiza, Belgika eta Ingalaterratik etorriko dira, besteak beste. Zarauztarrak, 30 inguru izango dira; gehienak Zarautz Triatloi Elkartekoak, eta zenbait, beste elkarte batzuetan aritzen direnak.

Froga bakarra

Gorka Silvan ZTEko lehendakariak azaldu du Zarauzko Triatloia "bizitzan behin egin beharreko frogatzat" daukala kirolari askok. "Horregatik, gure aurtengo leloa izango da Zarauzko Triatloia bakarra da".
Bakar bihurtzen duen hainbat ezaugarri azaldu dituzte prentsaurrekoan, baina azpimarratu dute egun horretan herrian izaten den giroa. Horrez gain, Triatloia gauzatu ahal izateko lanean 300 boluntario inguru ibili ohi direla ere azaldu du Silvanek.

Ibilbideari dagokionez, oraindik baimen guztiak lortu gabe dauden arren, urteroko berdina izango dela aurreikusten dute antolatzaileek. 2,9 kilometroko itsas zeharkaldia egin beharko dute parte hartzaileek Getariatik Zarautzera. Bizikletaz, 81 kilometroko ibilbide malkartsua izango dute, eta bukatzeko, 20 kilometro egin beharko dituzte korrika, herria zeharkatuz. "Ohiko distantzietatik kanpo geratzen den froga da, eta horregatik, kirolarien burua frogan jartzeko moduko erronka izan ohi da".

1987. urtean jokatu zen lehen aldiz, "raindik triatloi txapelketa asko jokatzen ez zirenean". Aurtengoan ere urtez urte lanean aritu ohi diren 300 boluntario inguru izango dira frogan dena ongi atera dadin bermatzen: alfonbrak froga ezberdinen arteko ibilbidean, seinalea egokiak zirkuitu guztian zehar...
Frogaren izaera euskalduna ere azpimarratu du Silvanek. "Laguntzaileak bertakoak izanik, froga guztian zehar euskara da Triatloiko hizkuntza nagusia, eta komunikazio arloan ere euskara lehenesten dugu". Euskal kulturari egindako keinuak ere aipatu ditu: irabazleari ematen zaion txapela, parte hartzaile guztiei eskaintzen zaien euskal gastronomian oinarritutako otordua, frogan zehar entzun daitekeen musika...


Punta-puntakoen bila

Ainhoa Murua triatleta ere izan da prentsaurrekoan, eta azaldu du "berezia eta hunkigarria" dela Zarauzko Triatloia beretzat. Badu esperientzia zarauztarrak, lau aldiz triatleta olinpiko izateaz gain, lau aldiz izan baita Zarauzko Triatloian txapeldun. Aurreratu du gustatuko litzaiokela parte hartzea aurtengo edizioan, baina, lesio bat tarteko, ez dakiela ziur ateratzeko moduan izango den. "Ez lehen bezala, baina banabil entrenatzen, eta aurrerago erabakiko dut parte hartu edo ez".

Muruaz gain, beste hainbat dira Zarauzko Triatloian atera ohi diren kirolari profesionalak. Beraien parte hartzea bermatu nahi izan du antolakuntzak, eta horregatik, Triatloiaren aurreko hiru edizioetako sailkepen orokorrean lehen hogei postuetan dauden kirolariek bermatuta daukate tokia ekainaren 8an Zarautzen izateko, eta ez dute izena emateko ordaindu beharrik izan. Horrez gain, urtero bezala, iazko lehen hamar triatletek ere gordeta daukate aurten atera ahal izateko dortsala.

Erabaki hauen bidez, "maila oso altuko froga bat" bermatu nahi izan du antolakuntzak. Dena den, elkarteko lehendakariak azaldu du hausnarketa handia eskatu diela antolatzaileei esleipen prozesuak. "Daukagun zirkuituarekin ezinezkoa da 700 parte hartzaile baino gehiago izatea, baina beste aldetik, pena da horrenbeste jende geratzea frogatik kanpo".