Itxura moderno eta eguneratuarekon topatu dezakegu Zarauzko Turismo Bulegoaren webgunea, www.turismozarautz.eus helbidean. 2019a Turismo Bulegoaren agendan "oso urte garrantzitsua" izango dela adierazi du Xabier Txurruka alkateak, webgunea berritzeaz gain, Turismo Bulego berria ere uda hasterako prest egotea aurreikusten baitute. "Zarautz kalitatezko turismo jasangarri eta orekatuaren erreferente bezala finkatu nahi dugu gure inguruan; aberastasuna sortu eta zarauztarron ongizatea zainduko duena".
Ixidor Larrañaga Turismo zinegotzia arduratu da webgune berriaren inguruko azalpenak emateaz. Aurrekoaren aldean, "bisualki eta grafikoki indartsuagoa" da egungo webgunea, Zarauzko eta inguruetako argazkiz hornituta dagoelarik. Euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez topa daiteke informazioa, eta besteak beste, lau atal nagusitan dago banatuta: egonaldia antolatzeko laguntza, zer egin Zarautzen, agenda eta ekitaldiak eta informazio baliagarria. Larrañagak azaldu duenez, informazio guztia erraz ikusteko moduan dago, eta formatua mugikorrentzat eta tabletentzat egokitua dago. Bestalde, Agendaren garrantzia azpimarratu du zinegotziak. "Zarautzen ekitaldi ugari izan ohi dira, eta agenda baliagarria da jakiteko zer dagoen, gainera, filtro ezberdinekin egin daiteke bilaketa".
Webgunearen berrikuntzaren atzetik, Bulegoarena
2018an 41.000 bisitari jaso zituen Turismo Bulegoak guztira, eta urte berean diseinatutako Turismo Plan berriari jarraituz, neurri ezberdinak martxan jarriko ditu udalak. Horren harira, aste honetan hasi dira Turismo Bulego berria egiteko obrak. Udalak, Goitu Eraikuntzak enpresari esleitu dizkio lanak, 482.412 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Kale Nagusiko 30. zenbakian, Mazako lokalean, egongo da Turismo Bulego berria; hiru hilabete barru prest egotea espero dute. "Udala hobetzeko daukagun estrategiari jarraitzeko, Turismo Bulegoa interes historiko, komertzial eta ludikoa duen kokapen berri honetara aldatzea funtsezkoa dela deritzogu", azaldu du Txurruka alkateak.
Bulego berria baleak arrantzatzeko ontzien forman oinarritua egongo da. Txurrukaren hitzetan, "espazioaren diseinuak buelta emandako itsasontzi baten forma hartuko du, gela ezberdinen estruktura moduan, Bulego berrian sartzen diren pertsonei harrera sentsazioa transmititzea bilatzen duelarik. Tradizioa eta modernitatea uztartuko ditu". Mitxel Arauzo arkitektoa Zarautzen jatorrian oinarritu da proiektua marrazteko, alkateak azaldu duenez. "Zarautzen historian astilleroek zuten garrantzia gogorarazi nahi dugu. Hain zuzen ere, duela 500 urte, 1519. urtean, Juan Sebastian Elkanok munduari lehen bira emateko bideari Nao Victoria ontziarekin ekin zion, eta ontzi hau Zarautzen eraiki zen, Arizia baserri pareko astilleroetan".