Urola Kostako Hitzaren webgunea, itxura berriarekin

Urola Kostako Hitza 2019ko urt. 18a, 17:00

Erabilgarritasuna errazteko helburuarekin eskualdeko webgunea berritu egin da, argia eta irakurterraza eginez. Horrez gain, Hitzakide atala sortu da, proiektuaren oinarri diren laguntzaileei zuzenduta.

Urola Kostako Hitzaren webguneak (urolakosta.hitza.eus) itxura berria du asteartetik. Atariaren diseinu aldaketaren helburu nagusia erabilgarritasuna erraztea izan da, argia eta irakurterraza eginez.

Diseinu berriarekin informazioa antolatuago erakusten du urolakosta.hitza.eus webguneak, hartzaileari informazioaren lagungarri den materiala eskura jarriz. Hala nola, albisteei erlazionatutako beste berri batzuk lotuz eta artikuluak garrantziaren arabera mailakatuta irakurtzeko aukera eskainiz.

Horrez gain, webgunean bertan nabigatzea ere erraztu egin da. Hartzaileak aukera izango du herrika edota generoka artikuluak irakurtzeko. Ataria berritzearekin batera, proiektuaren oinarri diren harpideentzako atal berezi bat ere sortu da: Hitzakide atala. Hitzakide izateko honako aukera hauek daude egun: Hitzakide harpideduna —Hitza paperean eta gainerako produktuak etxean jasotzen dituena—, Hitzakide iragarlea —papereko eskaintza osoa jasotzeaz gain, iragarkiak jartzeko unean uneko deskontuak ditu— eta Hitzakidea —webguneko irakurlea eta proiektua babesten duena—. Hitzakideek webguneko abantaila guztiez gozatu ahal izango dute: aleak PDF formatuan deskargatuz, zozketetan parte hartuz, webgunea euren nahieran antolatuz... Orain arteko harpidedunek atal berrian kontua sortzeko mezua jasoko dute.