Gloria Vazquez: "Zarautzen ez dugu leku aproposik topatu Neguetxea kokatzeko"

Neguetxearen itxieraren inguruko azalpenak eman ditu Gloria Vazquezek gaurko agerraldian. (Dorleta Agiriano Lai)

Etxerik ez duten pertsonentzat aterpea zabaldu izan dute azken urteetan Monte Albertia ondoko Etxe Txikian, neguan gaua bertan pasatu ahal izateko. Aurten, ordea, ez dute ireki. Gizarte Zerbitzuen saileko arduradunak, Gloria Vazquezek, gertatutakoaren inguruko azalpenak eman nahi izan ditu gaur. Etxe Txikia ez dela "leku egokia" eta Zarautzen ez dutela "Neguetxea kokatzeko toki aproposik aurkitu" adierazi du.

Aurten ez dute zabaldu etxerik ez duten pertsonei zuzendutako aterpea; Neguetxea. Orain arte Monte Albertia ikastetxearen eta Igerain aterpetxearen ondoan dagoen Etxe Txikian kokatu dute, baina aurrerantzean, Monte Albertiako ikasleek erabiliko dute eraikin hori ere. Erabakiak hautsak harrotu ditu herrian, eta Gloria Vazquez Zarauzko Gizarte Zerbitzuen saileko arduradunak azalpenak eman nahi izan ditu gaurko agerraldian. "Herritarren artean kezka dago".

Hasteko, "Neguetxea kudeatzeko ardura" ez dela Zarauzko Udalarena adierazi du, "eskualde osoarena baizik, Urola Kostako Udal Elkartea eta Urola Erdikoa barne". Zarauzko Gizarte Zerbitzuetatik egindako proposamena jasotzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak osatutako Mapa Sozialak; irizpideen arabera,  "eskualde osoarentzat egokia izango den espazio bat bilatu behar da, eta espazio hori mankomunitateen esku egongo da, ez udalen esku".

Zarauzko Neguetxearen kasuan, Vazquezen arabera, "orain arte, Zarauzko Udalak kudeatu du". Eraikina aldundiarena izan arren, urtero utzi izan dio udalari, gutxi gorabehera azarotik martxora bitartean Neguetxea bertan kokatzeko, etxerik ez duten pertsonek gaua bertan pasatzeko aukera izan zezaten. Denboraldi bakoitzean 130 pertsona inguruk erabili izan dutela kalkulatu dute.

"Etxe Txikia ez da aproposa"

Dena den, Vazquezen esanetan, "lekua ez da aproposa". "Espazio hori erabilera anitzekoa izan da; alde batetik, Monte Albertia ikastetxeak erabiltzen du egunez, bestetik, Igerain aterpetxea dago, eta azkenik, Neguetxe gisa erabili izan den etxetxoa dago, udan, udaleku garaian, haurrek erabili ohi dutena. Erabilera anitz horrek Neguetxeak eskaintzen zuen zerbitzuaren garapena oztopatzen zuen; izan ere, soilik neguan eta soilik gauez erabili genezake eraikina Neguetxe gisa".

Vazquezek gehitu du Monte Albertia ikastetxeak arazoak dituela espazio aldetik, "oso leku txikia baitute"; "ez dute lekurik beren egunerokotasuneko jarduerak eta hezkuntza eskaintza garatzeko". Hori dela eta, Neguetxe gisa baliatu izan den eraikina ere erabiltzen dute egunez. Ondorioz, Vazquezen arabera, "tokia ez da aproposa Neguetxea kokatzeko. Espazioa oso mugatua da, betidanik jakin dugu". "Zarauzko Gizarte Zerbitzuen ardura hartu nuenean, nire asmoa zerbitzu integral bat eskaintzea zen; urte osoan zehar, eta egun osoan zehar. Baina hori ezinezkoa izan da", gehitu du.

"Monte Albertia ikastetxearen egoerak ere konponbide bat behar zuela ikusten genuen", azaldu du. Hezkuntza sailak adierazi duenez, Neguetxe gisa erabiltzen zen eraikinean beharrezko aldaketak eta egokitzapenak egiteko prest dago, "ikastetxeak modu iraunkorrean erabili dezan".

"Hori modu horretan garatzen bada, irtenbide ona dela iritzi dugu Zarauzko Udalean. Erabilera anitzaren arazoa konponduko litzateke, espazioa ordenatuz eta erabilera zehaztuz. Egokiagoa ikusi dugu espazioa Monte Albertiari uztea, eta ikastetxeak erabili ahal izateko egokitzea". Hala ere, "orain, Neguetxeak eskaintzen duen zerbitzua garatzeko leku aproposa aurkitzea falta da. Hori da egungo egoera", ondorioztatu du zinegotziak.

Zarautzen leku egokirik ez

Vazquezek azaldu du Zarauzko Gizarte Zerbitzuen sailean azterketa bat ari direla egiten, "datorren denboraldian Zarautzen Neguetxea berriz ere martxan jarri ahal izateko leku apropos bat identifikatzeko". "Nire aldetik, saiatu naiz Neguetxea non kokatu dezakegun pentsatzen eta leku egoki bat aurkitzen. Baina, egia esan, ez dut zerbitzu hau eman ahal izateko lekurik aurkitu. Leku apropos bat egongo balitz, mankomunitatearen esku jarriko genuke zerbitzua kudeatzeko. Egin nahiko bagenu, egin genezake; baina ez daukagu horretarako lekurik", adierazi du. "Arazoa leku bat aurkitzea da".

"Zarauzko Udalak ez dauka horrelako egiturarik, baina beste udalek ere ez dute inoiz eta inon zerbitzu hau emateko espaziorik eskaini. Inorrek ez du horrelako leku bat ondoan izan nahi", gehitu du Vazquezek. "Hemen Neguetxearen arazoari irtenbide bat bilatzeko proiektua martxan jarri dut. Beste herri batzuetan inorrek ez du Neguetxea bertan kokatzeko prestutasuna erakutsi; inorrek ez du eraikinik eskaini. Nik uste dut Zarautz egokia izan daitekeela horrelako zerbitzu bat eskaintzeko, eta horregatik, espazio egoki bat bilatzeko azterketa amaitzean, proposamen bat egingo diogu mankomunitateari; baina ardura beraiena da", adierazi du.

Neguetxearen kudeaketa eskualdeetako mankomunitateen ardura izatea Zarauzko Gizarte Zerbitzuetatik proposatu zutela azaldu badu ere, Vazquezen arabera, "ezin dugu eskualdeka erantzun"; "nire ustez, Eusko Jaurlaritzak hartu behar du erantzukizuna, edo gutxienez, Diputazioak". "Goi-mailako instituzioek beren gain hartu beharko lukete arazoa". Pertsona etxegabeen arazoa "estrukturala" dela adierazi du, "gizarte osoarena"; "beraz, gizarte osoak eman behar dio erantzun bat".

Neguetxerik ez

Vazquezek azaldu duenez, legez, Gipuzkoako eskualde bakoitzak izan beharko luke Neguetxe bat, gauez eta egunez, "baztertze egoeran dauden pertsonentzako". Dena den, bi zentro baino ez daude herrialdean: Donostialdean eta Irunen. "Etxekolanak egin behar ditugu Gipuzkoako gainontzeko eskualdeetan", esan du.

Neguetxeak "baztertzeari aurre egiteko politiken barruan" kokatu behar ditugula iritzi du Vazquezek. "Baina ez zaie pertsona etxegabeei soilik begiratu behar, baztertzeari lotutako arazo gehiago ere badaude. Horregatik, beste bide batzuk ere ireki ditugu Gizarte Zerbitzuen sailetik", adierazi du. "Horregatik, beste bide batzuk ere ireki ditugu Gizarte Zerbitzuen sailetik; esate baterako, Hotzaren Aurrean protokoloa. Tenperaturak baxuak direnean, oraindik tenperatura zehatza zehaztu ez badugu ere, protokolo bat abiatuko da: baten bat kalean lo egiten ari bada, udalak Zarauzko ostatu batean lekua eskainiko dio".

Bestetik, etxebizitza tutelatuen dinamika abiatu dute aldundiaren Mapa Sozialaren bidez. "Badira kale gorrian bizi ez baina egoera txarrean bizi diren zarauztarrak, baztertze egoeran. Beraz, Zarauzko Udalak bere jabetza den etxebizitza bateko logela bat eskainiko die perfil horretako zenbait zarauztarri, eta hezitzaile baten laguntza izango dute bertan, gizarteratzeko eta beren baliabideak hobetzeko", azaldu du.

Denboraldi honetan etxerik ez duten pertsonei eskaini diezaieketen "irtenbidea" Hotzaren Aurrean protokoloa dela argitu du. Gainera, Neguetxea kokatzeko "leku egoki bat" aurkitzen ez badute, datozen denboraldietan ere Zarautzen ez dutela gisa honetako aterperik eskainiko adierazi du Vazquezek.

 

Erlazionatuak

Aurten ez dute zabaldu Neguetxea

Zarautz

Etxerik ez dutenentzat aterpea zabaldu izan dute azken urteetan Monte Albertia ondoko Etxe Txikian, neguan gaua bertan pasatu ahal izateko. Ordea, ...
Zarauzko Neguetxearen itxierari "berehalako erantzuna" emateko eskatu du EH Bilduk

Zarautz

Etxerik ez dutenentzat aterpea zabaldu izan dute azken urteetan Monte Albertia ondoko Etxe Txikian, neguan gaua bertan pasatu ahal izateko. Ordea, ...
Eskuzabaltasuna

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz

Negua iritsi den honetan, hotza ekarri du berarekin, urtero bezala. Urtaro bezala.Gure etxeko beroan begiratzen ez diogun arren, kalean lo egin beh...