"Urte bat eta gero borrokan jarraitzen dugu"

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 21a, 12:54

Dozenaka pentsionista eta erretiratuk elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Lege Zaharren enparantzan. Larunbatean Bilbon ere mobilizatu ziren, urtebete baita protestak abiatu zituztela hiriburu eta herri askotan. Maiatzerako beste protesta bat iragarri dute Hego Euskal Herri mailan. Zarauztarrek idatzi hau kaleratu dute.  

Zarauzko Pentsiodun eta Jubilatuen Plataformaren irakurketa:

"Urtarrilaren 15ean, duela urtebete, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak, baita estatuko guztiak, mobilizazioak hasi genituen, PPren gobernuak 2013. urtetik aurrera egindako pentsioen %0,25eko gehikuntzaren kontra eta pentsio publiko duinen alde.

 

Ordutik hona, gure herrialdeko plazetan eta udalerritan elkarretaratzeak egiten jarraitu dugu, eskualde eta probintzia mailako manifestazioekin, pentsio sistema publikoaren alde eta PPren gobernuak 2014an ezarritako % 0,25eko igoeraren aurka.

 

Mobilizatzearen ondorioz urte honetan lortutakoa, urria izan arren, ez da gutxiestekoa. Pentsiodunen mugimenduen eskakizunak alderdi politiko eta instituzioen agenda politikoan sartzea lortu dugu, eta inork ezingo du posizionatzea eta pentsioak hobetzeko neurriak hartzen jarraitzea ekidin, batez ere Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuek.

 

Aurrerapen mugatu hauek gure oinarrizko eskakizunetatik oso urrun daude. Besteak beste, hauek dira gure eskakizunak:

 

  • Kontsumorako Prezioen Indizean oinarritutako pentsioen gorakada iraunkorra bermatzea
  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, pertsona pentsionisten pobrezia gainditze aldera
  • Iraunkortasun faktorea behin betiko indargabetzea
  • 2011ko eta 2013ko erreformen alde kaltegarrienak indargabetzea
  • Pentsioen pribatizazioaren aurrean, pentsio sistema publikoa bultzatzea eta bermatzea
 
Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuei eta parlamentuetako talde parlamentario guztiei bidali dizkiegu gutunak, modu zuzenean gure eskakizunak helarazteko, eta gehiago luzatu gabe, pentsioak hobetzeko eta bermatzeko neurriak beren gain har ditzaten, batez ere, gobernuak zuzentzen dituztenek. Dagoeneko jaso dugu Madrilgo bi talderen erantzuna, eta gurekin biltzeko borondatea azaldu dute. Dena den, zain gaude oraindik, beste batzuen artean, Urkulu jaunak duela hilabete batzuk gurekin biltzeko egin genion eskakizuna onartu dezan.

 

Aurten, 2019an, mobilizazioekin hasi gara berriz; plazetan eta udaletxeen eta bestelako erakundeen aurrean mobilizazioak egiten jarraituko dugu. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan mobilizazio bateratu bat egiteko asmoa dugu, maiatza aldera, eta estatuko gainontzeko pentsionisten plataformekin koordinatzen ahaleginduko gara. Mobilizazio honekin bat egiteko dei egiten diegu sektore sozialei eta herri-sektoreei, izan ere, gaur egungo pentsio publikoez eta duinez gain, etorkizunekoak ere jokoan daude.

 

Bestalde, gaur Gasteizen bildutako Pentsiodunen Plataformetatik dei berezia egiten dugu martxoaren 8rako antolatuta dauden mobilizazioetan parte hartzera.

 

Pentsionistak aurrera!".