Abisu horia ezarri dute astearterako eta alerta laranja asteazkenerako

(Amaia Urbieta Arruti)

Eusko Jaurlaritzako Metereologia Zuzendaritzak abisu horia ezarri du astearterako eta alerta laranja asteazkenerako, besteak beste, kostaldean izan daitezkeen kalte arriskuengatik.

Euskalmetek jakinarazi duenez, asteartean, 12:00etatik 00:00etara alerta horia izango da prezipitazio iraunkorragatik, Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldean. Prezipitazio ertaina, iraukorra eta oso ugaria egingo duela azaldu dute, eta metro karratuko 60 litro baino gehiago bota ditzakeela. Asteazkenean, alerta laranja izango da arrazoi beragatik, egun osoan zehar. 24 orduan metro karratuko 80 litro baino gehiago pilatu daitezkeela ohartarazi dute.

Horrez gain, asteartean eta asteazkenean olatuek eragin ditzakeen kalteak ohartarazi dituzte. Asteartean, 04:00etatik 06:00etara abisu horia ezarrita egongo da (05:12an izango da itsasgora), baita 17:00etatik 19:00etara ere (17:41ean izango da itsasgora).

Asteazkenean, berriz, itsasaldeko arriskuagatik alerta laranja izango dela adierazi du Euskalmetek, 04:00etatik 07:00etara. Olatuek 5,5 metroko altuera izango dute, eta itsasgora 05:58an izango da.