Zurekin Zarauzko ostalarien elkarteak, Zarauzko Turismo Bulegoak, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Baserria KM0-k eta Zarauzko Udalak Sagardo Eguna antolatu dute aurten ere, bederatzigarren urtez jarraian. Joxe Garate eta Marian Zumeta senar-emazteak omenduko dituzte oraingoan. "Zubi Ondo jatetxean egin dute lan urte luzez, eta azken urteetan, Zarauzko gasolindegi ondoko tabernan aritu dira. Zer hobeto Zarautzengatik eta Zarauzko ostalariengatik hainbeste lan egin duten pertsona horiek omentzea baino", azaldu du Martin Argiñano Zurekin elkarteko kideak.
Igandean 12:00etan emango diote hasiera jaialdiari, Musika plazan, eta Joxe Garatek eta Marian Zumetak irekiko dute txotxa. "Horrekin hasiko da Sagardo Eguneko festa". Jarraian, bertso saioa eskainiko dute Motxian bertso eskolakoek, eta Goizeko Ihintza taldeko txistulariek girotuko dituzte alde zaharreko kaleak.
Bederatzi sagardogile
Aurten bederatzi sagardogile elkartuko dira Musika plazaren bueltan: Aburuza (Aduna), Aginaga (Usurbil), Izeta (Aia), Lizeaga (Astigarraga), Saizar (Usurbil), Ordo Zelai (Oiartzun), Petritegi (Astigarraga), Satxota (Aia) eta Urdaira (Usurbil), lehengo urtean baino gehiago.
Izetako Gotzon Iruretagoienaren arabera, aurtengo sagardoa "ona" atera da; "beste urteetan baino sagar gutxiago izan ditugu, baina hala ere, kalitateak gora egin duela uste dugu. Aurten gorputz gehiago du emaitzak, eta alkohol pixka bat gehiago ere bai, dirudienez. Dena den, oraindik ikusi egin behar". Bertako sagarrak erabili ohi dituztela ere azaldu du: "sagardogile handiak ez garenok bertako sagarrekin moldatzen gara. Baserritar asko daude inguruan, eta etxeko sagarrak erabiltzen ez baditugu, bertakoak izan ohi dira behintzat".
Edalontzia eta jatekoa
Urtero bezala, jatekoa ere ez da faltako Sagardo Egunean. Sagardo-dastaketarako bost ticket eta Baserria KM0 ekimenaren idi-txuleta pintxoa 7 euroan eskuratzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta pintxoa soilik nahi dutenek, 3 euroan erosi ahalko dute.
Bestalde, aurtengo berrikuntzen barruan, Toldotxotx egitasmoa azaldu dute gaurko agerraldian: "Musika plazako eskaintzaz gain, eguna indartzeko asmoz, Toldotxotx jarriko dute martxan herriko bost tabernatan", azaldu du Julen Olazabal Zurekin elkarteko kideak. Lau euroan, Toldotxo pintxoa eta sagardo edalontzia eskainiko dituzte igandean. Hain zuzen ere, honako taberna hauetan abiatuko dute iniziatiba: Euskaldunan, Iruñan, Itxas-Lurren, Joen eta Txiki Politen.
Haurrei zuzendutako eskaintza ere izango da aurten; muztioa eta haur txokoa. Iruretagoienaren esanetan, "igandeetan familia giro handiagoa izaten da, eta agian jende gehiago animatuko da bertaratzera. Eguraldiaren araberakoa ere izango da. Gu hor izango gara, agertzen den orori sagardoa eskaintzeko prest".