Segurtasun neurriak abisu laranjaren aurrean

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 23a, 10:58

Astea hasi bezain pronto, Euskalmetek abisu horia ezarri zuen astearterako eta abisu laranja gaurko, asteazkena. Prezipitazio iraunkorrak eta ugariak, olatu handiak eta haize zakarra iragarri zituzten, Bizkaiako eta Gipuzkoako kostaldean.

Hau dela eta, zenbait segurtasun neurri hartu dituzte Zarauzko itsas pasealekuan. Atzo arratsaldean Babes Zibileko zenbait kide eta Zarauzko zenbait udaltzaingo izan ziren bertan, olatu handien arriskua zela eta. Gaur 05:58ean izan da itsasgora, eta 5'5 metroko olatuen iragarpenaren aurrean, patruilatze lanekin jarraitu dute goizaldetik. Olatuak itsas pasealekura iritsiz gero, bidea ixtea aurreikusten dute.

Errepidea itxita

Gaur goizeko 05:40ean, Zarautz eta Zumaia arteko N-634 errepidea itxi dute, ordubetez gutxigorabehera, itsasaldeko arriskuagatik. Izan ere, olatu handiak eta haize zakarra izan dira nagusi goizaldetik. 06:30ean ireki dute berriz.

Gaur gauerako ere alerta laranja ezarri dute, eta Babes Zibileko kideek eta udaltzaingoek patruilatze lanei helduko diete arratsaldetik, itsas pasealekuan.