Libana Taboada: "Jendea kirola egitera bultzatzeko plazera bilatzea da gakoa"

Amaia Urbieta Arruti 2019ko urt. 23a, 18:13
(Amaia Urbieta Arruti)

Duela hiru hilabete jarri zuen martxan udalak Kirol Orientazio Zerbitzua. Taboada arduratzen da beharra daukatenei aholku emateaz, eta "gustura" dago orain arteko emaitzekin.

2018ko urriaren 22an hasi zen Libana Taboada Kirol Orientazio Zerbitzuko (KOZ) aholkulari lanetan. Aritzbatalde kiroldegian edo anbulatorioan eskaintzen du zerbitzua, astelehenetik asteazkenera bitartean.

Nolako harrera izan du KOZek lehen hiru hilabeteetan?
Izugarria. Esaten dute urtarrilean kirol jarduera igo egiten dela, baina nik ez dut nabaritu igoera hori, zerbitzua ematen hasi ginenetik goraino beteta baitaukagu agenda. Eskaera egiten duten guztiei egiten diegu harrera, baina hainbeste jende izanik, aste bat edo bi itxaron behar izaten dute batzuetan. Orain arte, 55 herritarri egin diet fitxa. Horrenbeste jende etortzeak eragin du lehenengo etorri zirenen jarraipena nahi genuena baino txikiagoa izatea, baina oraingoz oso gustura nago.

Urritik gaur arte izandako esperientzien arabera zerbitzua egokitzen joango zineten, ezta?
Bai. Anbulatorioarekin lankidetzan hasi ginenean, esaterako, astearteetan anbulatorioan egongo nintzela erabaki genuen. Horrez gain, zerbitzua eskatzen duten herritarren kopurua igotzen doan heinean, hitzorduak mugatzen ahalegintzen ari gara. Izan ere, pertsona batekin kontsultan orduerdi igarotzen badut, horren ostean bi orduko lana egin beharra daukat haren plana prestatzeko. Hori ere neurtzen eta egokitzen goaz pixkanaka-pixkanaka.

Eman al du fruiturik zure aholkularitzak?
Ez da ohikoena nik emandako aholkuekin pertsona baten bizimodua egun batetik bestera aldatzea. Nik beti konparatzen dut erretzaile batek zigarroa uztearekin. Pertsona inaktibo bat aktibo bihurtzea oso-oso zaila da, eta are gehiago adinekoa bada. Atzean egon beharra dago, telefonoz deitu, jarraipena egin...


Zein perfiletako jendeak jotzen du zugana?
Denetik etorri zait. Batez besteko adina 55 urte ingurukoa da, eta gehienak 65 urtetik gorakoak izan dira, %40 gizonak eta %60 emakumeak, gutxi gorabehera. Zarauzko anbulatoriotik jende asko bideratzen dute nigana, eta horiek nahiko zehaztuta daukate horretarako irizpidea. Jubilatuak dira gehienak, diabetes, hipertentsioa edo gainpisua dutenak. Anbulatoriotik bideratutako guztiek hiru gaixotasun horietako bat daukate, gutxienez.

Beren kabuz (anbulatorioaren bidez izan gabe) zugana jotzen dutenak zeintzuk dira?
Denetik etor daiteke. Iktus baten ondorioz arazoak dituzten pertsonak etorri zaizkit, aldaka eta belauneko operazioaren zain daudenak edo ebakuntza ondoren minez jarraitzen dutenak, istripu bat izan ostean berriro ere kirola egien hasi nahi dutenak...

Kontsultan, ezertan hasi baino lehen eskatzen diet beren egunerokotasuna deskribatzeko, eta atzematen badut pertsona hori ez dela aktiboa, zergatia bilatzen hasten naiz. Batzuek ez dute egiten kirola denbora faltagatik, gaixotasun batengatik, lesio batengatik, gogorik ez dutelako... Nire lana da hori identifikatu eta konponbidea eman ahal izatea, baina oso-oso zaila da gehienetan.


Psikologo lanak egin beharko dituzu batzuetan.
Bai. Askotan entrenamendua baino garrantzitsuagoa da pertsonarekin zaudenean daukazun jarrera eta komunikatzeko modua. Asko aurreiritzi batekin etortzen dira, aurretiko jarrerarik gabe.  

Beraien erabakiz etortzen direnak ere aurretiko jarrerarik gabe al datoz?
Horiekin gertatzen dena da askotan aktiboak direla, beraz, ez da hau beraientzako zerbitzua. Argaldu nahi badute, edo hobeto entrenatzeko moduak ikasi, hau ez da beraien lekua. Arreta eskaintzen diegu, noski, baina beste era bateko aholkularitza behar dute. Esaterako, fitness gunean aholkulariak daude egunero, beraz, haiengana bideratzen ditut normalean.


Bada askotan errepikatzen duzun aholkuren bat?
Bakoitzari bere plana egiten zaio. Oraindik ez diet bi pertsonari entrenamendu plan berdina prestatu.  Gainera, hasieran etxean egiteko bidaltzen nituen ariketak, baina denborarekin konturatu naiz horrek ez duela funtzionatzen. Jendeak behar du engantxatzen duen zerbait. Talde bat, lagunarte bat... Gizakiok sinpleak gara, plazera bilatzen dugu. Hori da bilatu behar dudana nik, taula bat prestatu eta etxean egiteko ariketak bidalita jendeak ez du egiten.

 

Ordutegia

  • Astelehenetan. 09:00-11:30 eta 15:00-18:00 artean, Kiroldegian.
  • Astearteetan. 09:30-12:30 artean, anbulatorioan.
  • Asteazkenetan. 11:00-13:30 eta 17:00-20:00 artean, Kiroldegian.

 

Aurrez txanda hartzeko

 

  • Telefonoz. 943- 00 51 23
  • Aurrez aurre. Kiroldegiko harreran edo anbulategian.
  • Idatziz. koz@zarautz.eus
Erlazionatuak