Haurra da etorkizuna, Zarauzko ikastolan erdigunean jarriko dutena. Haren izaera errespetatuz, formazio pedagogiko jarraian dagoen talde profesional eta egonkorrak hartuko ditu zuen seme-alabak Zarauzko ikastolan, beso zabalik. Haurraren berezko garapen ahalmena sustatuz, irakaslea bidelagun izango du. Hari egiteko gai dela eta bide horretan lagundu egingo diola erakutsiko dio, hezkuntza marko pedagogiko eraldatzailean oinarrituta.
Hitz potolo horien atzean ezkutatzen da xehetasuna. Haurraren zailtasunak garaiz hauteman eta laguntza ildoak identifikatzeko aurten, psikomotrizisten eta optometristen behaketa aditua txertatu dugu gure ikasguneetan, haurrak bere osotasunean garatzen laguntzeko.
Horretara egokitu dugu halaber, espazioa. Irekia da, txokoetan antolatuta, haurra eroso eta libre senti dadin.
Hori guztia gurasoekin eskutik egiten da, ikastolaren parte ezinbesteko baitira. Gurasoek modu aktiboan parte hartzen dute ikastolan. Erabaki garrantzitsuenetan gurasoen Batzarrak du azken hitza. Euskaraz bizi da ikastola, bai ikasgelan, bai ikasgelatik kanpo. Hori apustu baten ondorio da: curriculum ofizialaz gain, euskal curriculumean ere oinarritzen da proiektua. Euskal Herria aintzat hartu eta euskaraz bizi den komunitatea da ikastolakoa. Baina era berean, gaztelania eta ingelesa menperatuko dituzte ikasleek eleanitz proiektuaren bitartez, eta frantsesa aukeran izango dute.
Honenbestez, haurrak kooperazioan oinarritutako talde-lanetan hazten eta hezten jarraituko du Lehen Hezkuntzan. LH5ean, EKI proiektuarekin hasiko da gaztea. Horren bitartez, beharrezko jakingaiez gain, bizitzarako oinarrizko izango dituzten gaitasun batzuk jasoko dituzte. Besteak beste, ondokoa errespetatuz norbera izaten ikasteko gaitasunak emango zaizkie, elkarbizitzen ikasiz eta izpiritu kritikoa landuz, ardurak hartzen erakutsiz.
Ikastola herritik jaio zen eta herriarentzat. Lokarri hori ez da eten. Hartu-eman zuzena jorratzen dute ikasleek bertako kultur eskaintzarekin, belaunaldien arteko lotura mantenduta zahar etxerako joan-etorriekin, gobernuz kanpoko erakundeekin… Jaso eta emanez aberasten dira, elkartasuna garatuz. Ikastolan bertan ere Lagun handi-lagun txiki proiektua dugu. Horretaz gain, baina, ikastolak sare oso bat du eskola orduetatik kanpo: Etxebeltz bertso eskola, xake eskola, psikomotrizitate saioak, ingeles-udalekua…
Jangela autogestionatua da. Inguruko baserritarrei erositako produktuekin egunero bertan egindako bazkari ondua ematen da. Hezkuntza komunitate honek hiru ardatz nagusi ditu: irakasle eta langileak, ikasleak eta gurasoak. Guztion artean egiten da ikastola. Hartu-eman estua dago hiru erpinen artean, eta horrek ahalbidetzen du, esaterako, aurten egokitu den jai erraldoia aurrera ateratzea: Kilometroak. Auzolanean, nork beretik emanez, giro ezin hobean murgilduta daude Zarautz osoari egun oparoa igaroaraziko dion euskararen aldeko festa prestatzen.
Ikastolak ateak zabal-zabalik ditu guztiontzat. Edozein zalantza izanez gero, lantaldea
erantzuteko prest dago. Ikastolaren nahia, zuen haurrak sustraiak ondo bermatuta beraien ametsetarako bidea baliabide sendoz egitea da. Zatoz IKASTOLARA!
Informazio gehiago: www.zarauzkoikastola.eus.