Astelehenean hasiko dira Hiruerreketako parkinaren urbanizazio lanak

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 24a, 17:23

Obrak bi hilabetetan bukatzeko asmoa daukate eta prozesuak bi fase izango ditu. Fase bakoitzak hilabete iraungo du.

Hiruerreketa auzoko aparkalekua urbanizatzeko obrak datorren astelehenean, urtarrilak 28, hasiko dira. Zarauzko Udalak abenduaren amaieran esleitu zizkion lanak Excavaciones y Transportes Orsa enpresari, 194.157 eurolo (BEZ barne) aurrekontuarekin. Lanak bi fasetan egingo dituzte eta bakoitzak hilabeteko iraupena izango du. Xabier Txurruka alkateak gogorarazi du Hiruerreketako bizilagnak aspalditik dabiltzala lan hauek eskatzen.

Obrak burutzeko aparkalekuaren trafikoa behin behinekoz desbideratu beharko da eta edukiontziak, seinaleak eta argiztapen elementuak mugitu beharko dira, beraz, bizilagunei lanak iraun bitartean sortu daitezkeen eragozpenengatik barkamena eskatu du alkateak.

Lehen faseko lanak egun hartxintxarrezkoa den aparkalekuaren eremuan egingo dituzte: zorua hobetu eta asfaltatu egingo da, Santa Barbarara igotzeko biraketa hobetuko da eta eremuko argiztapen sarea berrituko da. Horretarako, aparkalekuaren eta egungo autobus geltokiaren eremua itxiko da eta Santa Barbarara igotzeko ibilgailuen sarrera eta irteera egungo aparkalekuko irteeratik egingo da. Era berean, autobus geltokia metro batzuk mugituko da eta egungo aparkalekurako sarreran kokatuko da. Honen atzean kokatuko dira hondakinen edukiontziak, behin behinekoz. Egun autobus geltokia dagoen eremuan obrako edukiontziak eta aldagelak jarriko dituzte. Oinezkoak, berriz, aparkalekuko lan eremuaren eta aldagelen eremuaren artetik bideratuko dituzte.

Bigarren fasean zorua hobetzeko eta asfaltatzeko falta diren eremuak amaituko dira, hau da, alboetako eremuak. Era berean, aisialdirako eremua sortzeko eta argiztapen sarea berritzeko lanak burutuko dira, eta autobus geltokia aparkalekurako sarbide berrian kokatuko da. Gainera, oinezkoen irisgarritasuna hobetuko da espaloiak eta oinezkoen pasabideak atonduz. Fase honetan, Santa Barbarara igotzeko trafikoa lehen fasean asfaltatutako eremutik bideratuko da, eta ibilgailuak, orain arte egin izan duten bezala eta obrak amaitu ondoren egingo duten bezala, aparkalekuaren eskuinetik sartuko dira eta ezkerretik aterako dira. Hondakinen edukiontziei dagokionez, hauek autobus geltokiaren ondoan jarriko dituzte.

Urbanizazio lanak amaitzeko, GI-2633 errepidean oinezkoen pasabide berri bat jarriko da, botoi bidezko semarofo bidez funtzionatuko duena. Guztira, lau semaforo jarriko dituzte: lehenengo biak oinezkoen pasabidearen ondoan,eta beste biak pasabidea baino lehenago. "Oinezkoen segurtasuna hobetzeko Hiruerreketako bizilagunek egindako eskaera zehatza" dela azaldu du alkateak.

Erlazionatuak