Zarautzen etxebizitza hutsak dituzten jabeei zuzendutako hitzaldia izango da asteartean

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 25a, 16:00

Bizigune programari buruzko hitzaldia antolatu du udalak. Programa honetan parte hartu ezkero izango lituzketen abantailei buruzko informazioa eskainiko zaie Zarautzen etxebizitza hutsak dituzten jabeei.

Zarauzko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailarekin elkarlanean, hitzaldi bat antolatu du Bizigune programari buruz, datorren asteartean, urtarrilak 29, 18:30ean Etxezabala aretoan. Hitzaldia Zarautzen etxebizitza hutsak dituzten jabeei zuzenduta egongo da eta, bertan, Bizigune programan sartzeak ekartzen dizkien abantailei buruzko informazioa eskainiko zaie.

Xabier Txurruka alkateak etxebizitza hutsak dituzten jabeak gonbidatu ditu hitzaldira. "Bizigune programaren helburua etxebizitza hutsek mobilizazioa sustatzea da eta gazteei etxebizitza duinetara sarbidea erraztea, prezio eskuragarrian". Udal Gobernuak helburu honekin bat egiten duela azaldu du.

Hitzaldian, Alokabideko teknikariekin zalantzak argitzeko aukera izango da, eta informazioa osatuko duen foileto bat emango zaie bertaratzen direnei. Horrez gain, asteburu honetan zehar programari buruzko triptiko bat banatuko dute zarautarren etxeetan.