'Bullying'-aren inguruko saioak antolatu dituzte udalak eta Berritzeguneak

Amaia Urbieta Arruti 2019ko urt. 26a, 11:50
Eragile, instituzio eta norbanako desberdinak elkartu dira jardunaldiak antolatzeko. (Amaia Urbieta Arruti)

Zarauzko Berritzeguneak eta udalak bullying-aren inguruko jardunaldi batzuk antolatu dituzte. Elkarlanean egindako lanaren emaitza izango dira datozen asteetan izango diren saio ezberdinak, bereziki, familiei zuzendutakoak.

Bullying-a lantzeko jardunaldiak antolatu dituzte Zarauzko udalak eta Berritzeguneak elkarlanean. Gai horren inguruan gurasoak askotan "galduta" ibiltzen zirela ikusi zuten Hezkuntza Sailekoek. "Gizartea horren azkar joanik, hainbeste informazio eta desinformaziorekin galdu egiten gara askotan gurasook", azaldu du Nekane Iribar Hezkuntza zinegotziak. Guzti horri erantzun bat emateko Berritzegunearekin jarri ziren harremanetan, hain zuzen ere, "uneoro dakitelako familiak eta irakasleak zerk kezkatzen dituen".

Gai honetan indarrak batzea "ezinbestekoa" dela azaldu du Iribarrek eta, horregatik, Berritzegunearekin batera, udaleko beste hainbat Sailek ere hartu dute parte egitasmoan. Aurtengo gaia bullying-a izango bada ere, aurrera begira proposamen berriak jasoz lanean jarraituko dutela azaldu du Hezkuntza zinegotziak.

Berritzeguneak Urola Kosta osoko ikastetxeekin dauka harremana, eta bere lana da formakuntza eta aholkularitza eskaintzea ikastetxeetan. Uxue Berridi Berritzeguneko zuzendariak azaldu du gai hau aspalditik ari zirela lantzen hezkuntza komunitatea osatzen duten eragile desberdinak, hainbat programaren bidez; esaterako, Elkarbizitza edo Bizikasi. Baieztatu du jazarpenaren aurkako "egitura oso indartsua" dagoela martxan Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan. Dena den, irakasle eta ikasleekin harremana mantentzen duten arren, familiengana iristerako unean "motz" geratu ohi direla azaldu du Berridik. Hori dela eta, udaleko Hezkuntza Sailak luzatutako eskua aprobetxatu nahi izan dute alderdi hori lantzeko, beraz, antolatutako jardunaldiak familiei zuzenduta egongo dira gehienbat. Dena den, ardatza familiak izango diren arren, azaldu dute garrantzitsua dela begirale, kirol entrenatzaile edo gaiarekiko sentsibilizatua dagoen edonorengana iristea.

Edurne Iribar Berritzeguneko zuzendariak garbi dauka egoerari hezkuntzatik egin behar zaiola aurre, ez gertatzeko neurriak ezarriz eta gertatzen direnean geldiarazteko eta gertaerak zuzentzeko bideak sortuz. "Bullying-a errealitate bat da. Gazte askok sufritzen dute eta, ondorioz, familiek ere bai. Hau dela eta, ikasle askorentzat eskola garaia pozez bizi beharrean, sufrimendua bilakatzen da". Jardunaldi hauen helburua familiei jazarpen mota honen errealitatea ezagutaraztea izango da, eta horren aurrean helduek egin dezaketenaren inguruan informatzea. "Azken finean, haur eta gazte guztiek merezi dute gune seguruan eta konfiantzazko giroan haztea", burutu du Iribarrek.

Hiru saiotako egitasmoa

Horretarako, datorren asteazkenean, Bullying begiradak izeneko antzezlana eskainiko dute Ainhoa Alberdi eta Iraia Eliasek Antoniano aretoan, 18:30ean. Ondoren, ikusleek feedbaka eskaintzeko aukera izango dute. Arantxa Aldalur Hezkuntza arduradunak aurreratu du antzezlan "polita eta potentea" prestatu dutela bi artistek. Bigarren saioa, otsailaren 6an, asteazkena, izango da, Antoniano aretoan. 18:30etik aurrera Giza Liburutegia deitu dioten ekimena martxan izango da, Sanz Enean, 18:00etatik 19:30era. Bullying-arekin zerikusia daukaten perfil desberdinetako 10 pertsona egongo dira, eta bertaratzen direnek haietako hiru "irakurtzeko" aukera edukiko dute, beraien esperientziak entzunda. Orientatzailea, ertzaina, psikologoa eta bullying-a sufritu duen norbaiten testigantzak entzuteko aukera izango da, besteak beste. Egitasmo honetarako aurrez eman beharko da izena, hiru pertsonako taldeetan (Giza Liburu bakoitza hiru pertsonak entzungo dute aldi berean, 20 minutuko txandatan). Horretarako, datorren asteazkeneko antzezlanean fitxa batzuk banatuko dituzte. Antzezlanera joan ezin duenak baina Giza Liburutegira joateko asmoa daukanak, Hezkuntza Sailarekin harremanetan jarrita izango du aukera, 943-00 51 22 telefono zenbakira deituta.

Hirugarren saioa ere Sanz Enean izango da, 18:30etik 19:00etara, otsailaren 13an, asteazkena. Kasu honetan, hainbat guraso elkartzea da helburua, taldeka jarri eta beraien zalantzei eta kezkei buruz elkarren artean hitz egiteko. Bien bitartean, zenbait aditu taldez talde mugituko dira eta jaso egingo dituzte gurasoengandik entzundakoak. Amaieran, laburpen bat egingo dute adituek, entzundakoetatik azpimarragarriena iruditu zaiena nabarmenduz.