Sansebastianei jarraipena emanez, Mus Txapelketa ari dira jokatzen Urtetan

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 26a, 18:14

43 bikotek hartu dute parte aurtengoan Urtetako Mus Txapelketan. Atzo Andoni Egaña eta Iker Zubeldia aritu ziren bertsotan afalostean, eta gaur karta jokoarekin eta gaueko kontzertuekin emango diete bukaera auzoko festei.

Azken txanpara iritsi dira Urtetako Sebastian Deunaren festak. Sansebastianak biribiltzeko, Mus Txapelketa azkarra ari dira ospatzen Eliz Mendi elkartean. Lehen lau bikote sailkatuek jasoko dituzte sariak. Irabazleek 400 euro, txapelak eta trofeoak jasoko dituzte. Azpitxapeldunek 250 euro eta trofeoak; hirugarren sailkatuek, 150 euro, eta laugarrenek, 100 euro.

Zozketaren irabazlea ere jakinarazi dute dagoeneko. Hain zuzen ere, 1.890 zenbakidunari egokitu zaio saria.

Festak biribiltzeko, Fan & Go, Hortzaka, DJ Ara eta DJ Xiarroman izango dira gaua girotzen. Zarauztik Urtetara igotzeko autobus zerbitzu bereziak jarri dituzte 22:00etan eta 23:00etan, eta jaisteko, 03:00etan izango da aukera.

Erlazionatuak