Joxe Angel Zaldua: "Orioko alkate izan nahi nuen berriro"

Karkara.eus 2019ko urt. 27a, 20:00
(Karkara)

Jose Angel Zaldua (Orio, 1959) 2006.urtean egin zen EAJko alderdikide. Zuzenbidean lizentziatua, 2015etik Orioko alkatea da Zarauzko bizilaguna. Amaitzear den legealdiaren errepasoa egin du Zalduak Karkara aldizkariarentzat.

Zure burua aurkeztu al zenuen berriz hautagai izateko? Jarraitu nahi al zenuen alkatetzan?
Bai, aurkezteko asmoa nuen. Uda aurretik, ikusi nuen beharrezkoa nuela beste legealdi bat lau urte hauetan martxan jarri ditugun proiektuei amaiera emateko. Baina asmoak asmo, familiarekin kontrastatu behar nuen erabakia.  Familia ez zen ados agertu, ez baitzidaten apenas etxean ikusten.
Alderdiarekin hitz egin nuen; lehendabizi esan nien nire asmoa jarraitzea zela baina, senitartekoekin hitz egin ondoren, iritziz aldatu nuen. Alderdiari ez nion beste izenik eman, baina emaztea eta biok komentatu genuen, nire ondoren, alkategai onena Lourdes Salsamendi izango litzatekeela. Ondoren, Orioko batzarrak ere izen bera eman zuen, eta poza eman zidan hartu zuten erabakiak.

Zer nabarmenduko zenuke Udaleko azken legealdiaz?
Hasi ginenean, proiektu falta zegoen. Beraz, lehenik, zintzilik utzitako horiek bukatu behar genituen. Batzuk marroia deitzen zioten horri soluzioa ematen saiatu ginen, eta eman zaie. Behin horiei irtenbidea emanda, proiektu asko martxan  jarri ditugu herrian. Hurrengo legealdia polita izango da, proiektu asko martxan utzi ditugulako.  

Nola baloratuko zenuke EAJtik egin duzuen lana?
Oposizioak alderantzizkoa esan arren, lan bikaina egin dugula usten dut. Ikusi behar da nondik hasi ginen, eta noraino iritsi garen. Gauza gehiago dago egiteko, baina egin ditugunak nahiko indarrekoak eta ondo egindakoak izan direla iruditzen zait.
PSE-EEren botoarekin egin zinen alkate, baina agintaldian zehar, Ana Priede sozialistak askotan egin du bat EH Bildurekin eta Orainekin, zuri  eta Udal Gobernuari, lan falta leporatuz.
Oposizioak hori esan behar du. Datu batzuk ipintzen ditut mahai gainean; Bulego Teknikoan jasotako datuen arabera, aurreko legealdian 26 Hirigintza Batzorde egin ziren; oraingoan 33 egin ditugu dagoeneko, eta legealdia ez da amaitu.  Obrak eta Zerbitzuetako Batzordeari dagokionez, aurreko legealdian 28 egin ziren hiru urtetan eta gurean, oraingoz, 26. Horregatik esaten dizut, gauza bat esatea dela, baina zein datu eta fundamenturekin esaten da?
Zehazki, aurrekontuetan onartutako inbertsioak behar beste ez gauzatu izana leporatu izan dizuete. 2016 eta 2017 urteetan inbertsioek %57-58ko exekuzioa izan zuten.
Ez da baxua, horrek du tranpa. Urte berria hastean, lehenik aurrekontu bat onartu behar da, eta hori normalean martxoan izan ohi da.  Aurrekontuetan partida desberdinak jasotzen dira, horietako bat, inbertsioena.
Inbertsio horiek ezin dira exekutatzen hasi aurrekontuak onartu arte; beraz, jadanik apirilean jartzen gara. Udako oporrak tarteko, abenduaren 31 arte denbora segituan pasatzen da. Exekuzioa urte horretan %58koa da, martxoan exekutatzen hasten garelako. Ordez, aurrekontuak martxoan onartuta, hurrengo urteko martxora arte kuantifikatzen badugu, inbertsio partidan zehazten denaren %95era egitera iritsi izan gara gehienetan.

Herritarrentzat eskuragarri daude datu horiek?
Bai. Urte batean exekutatu diren partidak eztabaidatzen dira hurrengo ekaineko udalbatzarrean. Beraz, herritarrek webgunean kontsultatu ditzakete ekainero egiten diren plenoetako aktak.  

Zorrik ba al du Udalak?
Ez. Orioko Udala gaur egun zorrik ez duen gutxienetakoa da. Egia bada ere aurreko legealdian altxortegia murriztu zutela, oraingoan ez dago zorrik, eta altxortegia handitu egin dugu. Altxortegia da erabilgarria dagoen dirua eta epe laburrera ditugun aktibo finantzarioak. Diruzaintza on bat izateak kudeaketa ona eskatzen dugu, eta guk horretan lan txukuna egin dugu.

Udalean sartu eta berehala, soldata igo zenion zure buruari; gero, oposizioko alderdiek jaitsi egin zizuten. Zer iritzi duzu honen inguruan?
Nik ez nion igo nire buruari soldata. Legealdia hasita,  ekainean ez nuen ezer kobratu. Soldata 2015eko uztailean ezarri zitzaidan, batzordeak, zinegotziak eta bestelako izendapenak egiten diren unean. Eta ordutik ez dut ukitu.

Eta zergatik esaten da hori? Aurreko alkatearen soldata berdina duzu?
Ez, 300 bat euro gehiago kobratzen nituen. Legearen gomendioa da Udalean dauden funtzionarioen artean gehiengoa kobratzen duenak adina kobratzea. Idazkariak irabazten du gehien, beraz, gomendioa da idazkariaren berdina kobratzea. Ni alkate izendatu nindutenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak dekretu foral bat atera zuen, esanaz udal bakoitzeko biztanle kopuruaren arabera alkateak zenbat kobratu behar zuen. Niri jarri zidaten bertan ezarritakoa, ez euro bat gehiago, ez gutxiago.
Oposizioak onartu egin zuen soldata hori. Ondoren, jaisteko erabakia hartu zuten, niri eta beste bi zinegotziri.
Ez dut ulertzen soldata jaistearen arrazoia.
Izan daiteke zigorra, beraiek zazpi zinegotzi eta gu sei garelako. Hasieran onartutako soldata jaitsi zidaten, baita beste bi zinegotziri ere. Agian gorrotoa hitz potoloegia da, baina, nire ustez zigor modura egin zuten. Erregutu ere egin nien, nire soldata jaistea berdin zitzaidala, baina nire zinegotziei, mesedez, ez jaisteko.

Zenbatekoa da zure hilabeteko soldata?
Nire soldata orain 2.600 bat eurokoa da, garbia. Ni hemen ez nintzen diruagatik sartu, lehen baino gutxiago irabazten baitut. Orain, aurreko alkateak baino gutxiago kobratzen dut.

Zertan da EAJk azken kanpainan agindu zuen Arozena inguruko zentroa? Adinekoentzat eta gaixotasun paliatiboentzat aurreikusten zenutena?
Proiektu horri buruz Arozenako nagusiekin hitz egin zen, eta eurak Udalari lur horiek uzteko ados agertu ziren eremu hori proiektu horretara bideratzeko, lurrak Udalari dohainik utziz. Baina Orioko Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin negoziaziotan hastean, Aldundiak atzera bota zuen, ez zuelako bideragarria ikusten.  

Gertaera hori herritarrei komunikatu zitzaien?
Herritarrei ez dakit, oposizioari bai.

Arraunetxeko mantenuan 80.000 euro inguru urtero, eta kirol teknikari bat jornada osoan. Ez al da gastu gehiegi ematen zaion erabilerarako?
Udal teknikari hori funtzionarioa da. Bere plaza atera zuenean, ez nengoen ni.  Niri zer iruditu edo beste bati, berdin dio, ezin dizkiogu langile bati bere eskubideak kendu. Gainera, kontutan eduki behar da, Arraunetxea ez ezik, kiroldegia, futbol eta sofbol zelaia eta pilotalekua ere ditugula Orion. Halaber, gaztediako teknikaria da. Usten dut herrian lan ona egin duela eta egiten ari dela.

Eta Arraunetxeko mantenurako 80.000 euroko urteroko gastua, ez al da gehiegitxo?
Egon gara Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan, kostu horren zati bat bere gain hartu dezan. Baina Arraunetxeak, bere osotasunean teknifikazio zentro bat izatera heltzeko hainbat baldintza bete behar ditu, hala nola,  lotarako eremu bat izan behar du. Eta, Arraunetxea, egunez funtzionatzen duen gune bat da. Hori eta beste arrazoi batzuk tarteko, Jaurlaritzak ez digu diruz lagundu.
Dena den, piraguismoko federazioak, surfekoak, eta turismo aktiborako enpresek beren kuota ordaintzen dute Arraunetxea erabiltzeagatik.  

HIRIGINTZA
Herriko Plazan obra handia egingo da. Beharrezkoa al da herriarentzat?
Obra honen inportanteena ez da ikusten dena baizik lurrean azpitik doana. Orioko erdigunea degradatuta dago, ur fekalak eta euri-urak, denak, batera doaz, eta banaketa egin beharra dago. Alkate bati ez zaio gustatzen herrigune guztia altxa eta obra hori egitea: batzuek nahiago dute auditorio bat egitea, Arraunetxe bat… Egin beharra zegoela erabaki genuen. 2016an hasi ginen gai honekin.
Obra hau asko atzeratu izanaren errua Udal Gobernuarena izan dela dio oposizioak.
Oposizioak beti izan du obra honen egoeraren berri. Bi lan eskatzen ditu Herriko Plazako proiektuak: lur guztia altxatzea ur fekalak eta  euri-urak banantzeko eta plaza oinezkoentzat egitea —Errustatik hasi eta Bordatxo atzealdera arte­­­­—. Azpiko hodien obra behin eginda, tapatu eta nola jarri pentsatu behar da.
Arazoa izan da obrak egiteko plazako eremu guztia itxi behar zela, eta herritar asko kexu ziren; guztia itxiz gero, herrira sartu eta irten Txankatik egin behako litzatekeela.   

Zein da orduan irtenbidea?
Errustatik Bordatxorako bidea oinezkoentzat egin bitartean, moila ertzean oinezkoentzat eremu bat egin eta errepidea bi noranzkotan banatu nahi genuen.
Kontua da Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailak zera dioela: moilako oinezko eremu hori jarriz gero, itsasontziek ainguratzeko lekua galtzen dutela. Usten genuen bi metroko  oinezko eremu bat nahikoa izango zela, baina kasua aztertu dute eta zazpi metroko zabalerako bidea egin behar da. Beraz, ez da bideragarria oinezkoentzat eta autoentzat, bientzat, gune bat egitea moilan; plazaren beste aldean oinezkoentzako lanak egin bitartean.
Dagoeneko Eusko Jaurlaritzak onartu du herriko moilaren berriztatze proiektua. Pliegoak onartu eta obrak maiatzean hastea aurreikusten da, ezustekorik ez bada, eta sei hilabeteko obra izango da. Plazako obrak, berriz, hamar hilabeteko iraupena izango du. Bitarte horretan, plaza guztia itxiko da autoentzat, bai moila ingurua baita  Aritzaga eta Herriko Plaza kaleak ere (Errustatik Bordatxora).

Zenbat fase ditu beraz proiektuak? Plaza guztia itxiko da?
Esan bezala, proiektu honek bi zati ditu: bat moilakoa, eta bestea, Errusta eta Bordatxo arteko peatonalizazioa. Azken honetarako EAjk 280.000 euroko diru-laguntza lortu zuen, baina laguntza hori ez galtzeko, 2018ko abenduaren 31 aurretik oineztatzeak amaituta egon behar zuen. Hau da, Orioko EAJk oposizioari proposatu zion moilako obra hasi bitartean, saneamendua eta peatonalizazioari ekitea, baina nahiago izan zuten laguntza hori galdu proiektuari argi berdea eman baino.
    2018ko abenduak 31erako obrak bukatuta egon behar zuen diru-laguntza ez galtzeko eta hasi egin behar genuen. Ez dago egina oposizioa kontran atera zelako. 2017an esan genuenean onartu balute, jada egina egongo litzateke.
(…)
Gai hau estrategia bezala erabili dute hauteskundeei begira. Herritarren interesen gainetik berenak ipini dituzte.  Orain zer gertatzen da? Maiatzean bi obrek bat egingo dutela, eta sarrera zein irteera txankatik egin beharko dela.

Dikerako, Kofradiarako eta Kosta tailer ingururako plana aurkeztu zuen oposizioak 2017ko azaroan Garate familia eta Kofradiko presidentearekin batera. EAJ falta zen aurkezpenean. Nolatan ez zuen Udal Gobernuak horren lidergoa eraman?
Oso erraza da, ez ginen egon plan hori ezinezkoa zelako. 33.400 metro koadroko proiektu bat, Dikeko eremuan, ez zen sartzen. Nola eramango dugu egin ezin den zerbaiten lidergoa?
Orain egitasmo hori  onartu da, metro koadroak asko murriztuta.

Zein jarrera du oposizioak  Udal Gobernuak proiektuak aurkezten dituenean? Negoziazioak errazten dituzte?
Negoziazioak ez dira errazak izan. Zaila izan da oso legealdia aurrera eramatea. Beti gogorarazi didate  ez dudala gehiengo osoa.
Askotan EAJri kalte egitera joan dira eta esaten diet hori. Hasieran esaten nien, ari zarete aurreko alkateari ostikoz jotzen nire ipurdian, hau da, aurreko alkateak egindakoak niri leporatu izan dizkidate. Proiektu bakoitzaren onurak ikusi beharrean,  edo herriaren intereserako izan zitekeen ala ez baloratu ordez, EAJ proiektu horrekin irabazten ala galtzen ateratzen zen izan dute irizpidetzat.

PSOEk alokairu sozialerako etxebizitzak egiteko proposamena aurkeztu zuen Udalbatzarrean, eta onartu egin zen; zuek, zergatik ez?  Nola dago gaia gaur egun?
Ez genuen onartu, ez genuelako nahi Muntoko Udalaren partzelan soilik alokairu sozialerako etxebizitzak eraikitzea. Ghetto batean bihurtuko litzateke eremu hori, gizarte-bazterketan dauden kanpotarrak etorriko lirateke eta.  
Sozialak ez ezik, Babes Ofizialekoak, tasatuak eta bestelako etxebizitzak ere egin beharko lirateke gure ustez, herritarrei lehentasuna emateko; horregatik eman genuen ezezkoa. Eusko Jaurlaritzarekin bilera bat egin genuen eta beraiek ere bat zetozen gure asmoarekin, hau da, etxebizitza mota desberdinak eraikitzeko planteamenduarekin.  

Eta Anibarko Portuko etxebizitzen proiektua zertan da?
Bideratuta dago baina hitzarmena oraindik ez dago sinatuta. Eremu bat Garmendipe elkarteari utziko zaio,  gainontzekoak gazteen emantzipazioa ahalbidetzeko etxeak izango dira.

Zenbat etxebizitza egingo dira orduan gazteentzat eta zenbat denboraz utziko zaizkie etxebizitza horiek?
Bost edo sei etxe joango dira bertan, eta gehienez bost urtez ahalko dute etxe horietan bizi.  Eusko Jaurlaritzak markatzen du epea.

Noiz hasiko dira etxe horiek eraikitzen?
Lehen esan bezala, hitzarmena sinatzea falta da; behin akordioa itxita, berehala hasiko dira. Sei hilabete barru izatea aurreikusten dugu, gutxi gorabehera.

Datozen hamar urteetan, Orion zenbat etxebizitza berri egitea aurreikusten da? Non?
420 bat etxebizitza: 270 Dike eremuan, Abaromendin 36 inguru (libreak), eta besteak frontoi inguruan, Gozategi Frutadenda atzean dagoen orube edo solarrean, Arostegineko horretan,  Leundanean, Mutiozabalen, Azkueren fabrikan, eta beste zenbait eremutan, oraindik zehaztu gabe daudenak.

Elkarrizketa osoa ikusgai karkara.eus atarian.