Urte osoan zerbitzua emango duen Neguetxe bat egotea eskatu du udalak

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 1a, 13:22

Atzoko udalbatzarrean mozioa aurkeztu zuten EAJ eta PSE-EEren udal taldeek, eta onartu egin zuten. Mozioan, Urola Kostako Udal Elkarteari eta "Iraurgi osatzen duten herriei" (alegia, Urola Erdiko herriei) eskatu diete denen artean eman dezatela zerbitzua etxerik ez duten pertsonentzat.

Aurtengo neguan itxita dago etxerik gabeko pertsonei aterpea ematen zien Neguetxea. HITZAk eman zuen horren berri (urtarrilaren 10eko artikulu honetan), eta ordutik hainbat alderdi eta eragilek azaldu dute kezka.

Atzoko udalbatzarrean, berriz, bi mozio aurkeztu zituzten gaiaz: EH Bilduk bat, eta bestea mozio bateratua udal gobernua osatzen duten EAJk eta PSE-EEk. Azken hori onartu zuen Udalbatzak.

Gaiari buruzko azalpen edo sarrera batez gain, mozioak honako lau puntuak jasotzen ditu:

  •  "Zarauzko Udalak Urola Kostako Udal Elkarteari eta Iraurgiko eskualdea osatzen duten udalei eskatzen die bere gain har dezatela bazterketan dauden pertsonentzako urte osoko eguneko eta gaueko zentro baten kudeaketa, Gizarte Zerbitzuen Mapan jartzen duen bezala.
  • Zarauzko Udalak konpromisoa hartzen du Gizarte Mapa guztiz garatzeko lanean jarraitzeko.
  • Zarauzko Udalak hitz ematen du, eskualdeko gainerako udalekin batera, lan egingo duela horrelako zentro bat jartzeko. Zentroa Urola Kosta eta Iraurgi eskualdeek kudeatuko lukete, bertako udal ordezkariek elkarrekin erabakitako moduan.
  • Aurreko puntuetan adierazitakoari utzi gabe, Zarauzko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio azter dezala gizarte bazterketan dauden pertsonen arloko eskumenak zuzenean bere gain hartzeko aukera".

Adierazpen hori onartuta gelditu zen atzo, EAJren (10), PSE-EEren (2) eta Irabazi Zarautzen (2) aldeko botoekin. EH Bilduk, berriz, kontra bozkatu zuen (7tik 6 boto, zinegotzi bat falta zelako).

Hemen dago mozioa osorik irakurgai.

Ezezkoaren arrazoiak

Mikel Goenaga EH Bilduko zinegotziak HITZAri azaldu dizkio koalizioak kontra bozkatu izanaren arrazoiak. "Mozio hori etorkizunari begirako asmoen deklarazioa besterik ez da izan, eta ez dio berehalako erantzunik ematen oraingo egoera zehatzari, hau da, Neguetxe zerbitzuaren itxierari".

Koalizioaren ustez, "aurreikuspen eta borondate falta nabarmena" egon da gai honetan, "udalari dagokiolako bermatzea lankidetza eta koordinazioa administrazioen artean".

"Gure eskaera izan da urgentziaz Zarautzen martxa jartzea negu gorriari aurre egiteko Neguetxea, baina eskaera horri ezetz esan diote udal gobernua osatzen duten bi taldeek".

EH Bilduk ere aurkeztu zuen mozioa, baina ez zuen onartu Udalbatzak. Hau da osorik Neguetxeari buruzko EH Bilduren mozioa.