Malekoiko hainbat lokal berritzeko lanak abian dira

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 1a, 16:00
Sorosleen postuan ere obrak egingo dituzte. (Gurutze Gorria Zarautz)

Eguzki Lore azpiko lokala berritu dute dagoeneko, eta hemendik aurrera, Zarauzko Gurutze Gorriak erabiliko du. Malekoiko hainbat lokal egokitzeaz gain, komun publiko berriak kokatuko dituzte.

Amaitu dituzte Eguzki Lore urbanizazio azpian, malekoian, dagoen udal lokala berritzeko lanak. Hemendik aurrera, Zarauzko Gurutze Gorriak erabiliko du, "formazioak, hitzaldiak eta bestelako ekintzak bertan birkokatzeko". Egun Gurutze Gorriaren egoitza gisa erabiltzen duten eraikinean (Nafarroa kalea, 23) kokatuko dute Zarauzko Udaltzaingoaren egoitza berria, eta datozen hilabeteetan hasiko dituzte lekua "egokitzeko" lanak.

Gurutze Gorriaren lokal berria

Murgil Eraikuntzak, Asti Pinturak eta Larrazpi Aroztegia enpresek egin dituzte Eguzki Lore azpiko lokalaren berritze lanak, lau hilabeteko epean. Aurrekontua 94.869,1 eurokoa izan da, BEZ barne.

Lokalak areto nagusi bat zuen aurrealdean, eta bi txikiago atzealdean. Areto nagusia eta fatxada banatzen zituen holtza bota dute, "espazioa irabazteko", eta bi areto txikiak banatzen zituen holtza mugitu dute, biltegia handitzeko. Sukalde gisa erabiltzen zen eremua bigarren biltegi gisa egokitu dute, eta fatxadan bigarren ate bat kokatu dute, larrialdietarako irteera moduan.

Obra gehiago itsas pasealekuan

Malekoiko beste udal lokal batzuetan ere berritze lanak abiatu dituzte; hain zuzen ere, sorosleen postuan, hondartza futbolerako biltegi gisa erabiltzen duten lokalean eta Torremarkeko komun publikoetan.

Hondartzako sorosleek erabiltzen duten lokalean aldagela eta komunak berrituko dituzte, eta baita beste zenbait azpiegitura ere. Hondartzako futbolerako biltegi gisa baliatzen duten lokala guztiz berrituko dute, eta bi lokal hauen artean, komun publikoak kokatuko dituzte. "Toldoen zerbitzurako" lokal bat ere egokituko dute.

Udalak Iparragirre eraikuntzak enpresari esleitu dizkio lanak, 229.104,17 euroko aurrekontuarekin, BEZ barne. Hiru hilabete eta erdiko epean burutzea aurreikusi dute.