Itziar Murua izango da Zarauzko EH Bilduren alkategaia aurtengo udal hauteskundeetan

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 2a, 13:33

Zarauzko EH Bilduk gaur aurkeztu du maiatzeko udal hauteskundeetarako alkategaia, Alameda hoteleko konbentzio aretoan. Itziar Murua izango da koalizioak Zarauzko alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia. EH Bilduko "kidego zabalak" 11:00etan eman dio hasiera Muruaren hautagaitza berresteko batzarrari, eta jarraian, 12:00etan, zerrendaburua aurkezteko agerraldia egin dute.

Muruak 25 urte daramatza Antoniano ikastetxean lanean; irakasle aritu da urte luzez, eta langile batzordekide eta Euskara Normalkuntzarako arduradun ere izan zen. Zuzendari lanak bete zituen zortzi urtez, eta iaz irakasle bezala hasi zen berriz. Bestalde, Zarautzen Euskaraldia antolatzeaz arduratu den taldeko kidea ere bada egun. Bere aita, Imanol Murua, bi aldiz izan zen Zarauzko alkate; 1979tik 1983ra EAJrekin, eta 1995etik 1999ra, EArekin.

"Ilusioz, gogoz eta erantzukizunez hartuko dut erronka hau", azaldu du gaur Muruak: "zarauztarra naiz eta Zarautz maite dut. Gure herrian hobetu daitezkeen gauza asko daudela iruditzen zait, eta hobekuntza eta lanketa horretan nire parte hartzea, ahalegina eta ekarpena egin ahal izatea ohore bat izango da niretzat". Bestalde, hauteskundeetan aurkeztuko duten "talde osoaren garrantzia" azpimarratu du zerrendaburuak, eta baita "herritarrok osatzen dugun taldearen garrantzia" ere: "guztien iritziak eta ekarpenak dira beharrezkoak".

Koalizioak datozen asteetan jakinaraziko ditu programak barnebilduko dituen proposamen zehatzak. Naiara Carvajal EH Bilduko zinegotziaren arabera, Muruak "EH Bilduren ezaugarrietan oinarritutako hobekuntza eskainiko dio Zarauzko herriari".

EH Bilduk "beste balore batzuetan oinarritutako proiektu herritarra" eraiki nahi duela azaldu du Carvajalek, hain zuzen ere, honako ardatz hauen baitan: "Zarautz herri bizia, irekia, parte hartzailea, udala eta herriaren artean zubiak eraikiko dituena, bizikidetza eta elkarbizitzan pausoak emango dituena, integratzailea, euskalduna, feminista, herritarrengandik gertu egongo dena, inor baztertuko ez duena, gizarte beharrei ahalik eta erantzun zabalena emango diona, lan eta bizitza duina Zarautzen lehenetsiko duena, ingurumenarekiko errespetua aldarrikatuko duena".

Murua "Zarautzek izan dezakeen hautagairik hoberena" eta "Zarauzko historian bere lekua izango duen emakumea" dela adierazi du zinegotziak, eta "aipatutako erronkei" "bikain" eutsiko diela nabarmendu du.