Xabi Zabala musikaria omendu dute Ikastolako haurrek santaeskean

Onintza Lete Arrieta 2019ko ots. 4a, 12:33

Ezustekoa jaso du gaur goizean Zabalak, bere leihopera joan baitira Salbatore Mitxelena Ikastolako hainbat haur eta irakasle santaeskean. Zabalak berak iaz sortutako kopla kantatu diote, eta ondoren sinaduraz betetako liburu zahar bat oparitu; hain zuzen, Zabalak orain urte batzuk pianorako idatzitako lan bat.

Ezustekoa ondo lotuta zeukaten Salbatore Mitxelena Ikastolakoek. Hala kontatu du Xabi Zabalak berak omenalditxoaren ondoren: "Porrotxek deitu zidan, esanez gaur 10:30ean etorriko zela nire etxera. Azpimarratu zidan ordua, esanez bost minutuko zerbait izango zela eta puntual etorriko zela. Gaur, ordua iritsi denean, telefonoz deitu dit, esanez etxe aurrean dagoela eta irteteko leihora, autoa gaizki aparkatuta zeukalako".

Balkoira atera denean, ordea, haur mordoa aurkitu du, eta erdian Txapas eta haren soinua. "Oso polita izan da, oraindik barneratu ezinik nago". Izan ere, berak iaz sortutako kopla batzuk abestu dituzte haurrek.

Opari, liburu zahar bat

Asko erabilita dagoen liburu bat jaso du opari musikari zarauztarrak. Orain urte batzuk Hik Hasi-rentzat egindako lan bat, hain zuzen ere. "Aspaldi bost liburu egin genituen euskal kulturan oinarrituz. Helburua zen instrumentu berri bat ikasten hastean, aurreneko egunetik aukera izatea hemengo abestiak, herrikoiak, ikastekoa".

Lan horren ale bat eman diote, ikastolan erabili izan dutena, sinaduraz josita. "Ilusio handia egin dit opariak".