Abesti bat sortzea "prozesu bizia eta anarkikoa" da. Prozesu hori zuzenean bizitzeko eta bertan parte hartzeko aukera eskaintzeko sortu dute Enkarguz ikuskizuna. Andoni Egañak, Xabier Zabalak eta Alberto De Abajok sortu dute proiektua, taldean abestiak sortzeko helburuarekin. "Ordu eta erdiko saioan, zerotik hasita, abesti berri bat osatuko dugu zuzenean. Hori amaieran guztiok kantatzeko modukoa izango da", azaldu du Egañak. Zabalak doinua sortuko du, pianoaren edo eskusoinuaren laguntzarekin, eta Egañak, berriz, letra ipiniko dio, publikoaren hartu-emanean.
"Xabierrek (Zabala) eta biok askotan egin ditugu abestiak enkarguz. Bera musikaz arduratu izan da, eta ni letraz; bakoitzak bere etxean jardunez. Gero, bion lana elkartu eta emaitza bidali izan dugu. Orduan otu zitzaigun: zergatik ez dugu lan hau elkarrekin eta jende aurrean egiten, jendearen parte hartzearekin?", adierazi du Egañak.
Bat-bateko sormena
"Gure sormen prozesua zer nolakoa den erakutsi nahi dugu". Zabalaren arabera, jendea ohituta dago bertsoak bat-batean nola sortzen diren ikustera, baina musikarekin ez da hain ohikoa. "Askotan, abestia, emaitza guztiok ezagutzen dugu, baina ez prozesua. Ibilbide osoa ikustea polita da. Oso prozesu bizia da".
Abesti baten sorrerak kutsu "didaktikoa" ere baduela uste du Zabalak: "Enkarguz ikuskizunera bertaratzen direnek abesti bat nola egiten den ikusiko dute. Horrek badu dimentsio pedagogiko bat. Jendeak prozesua nola gertatu den eta zergatik gertatu den modu horretan ezagutuko du: zergatik erabili dugun erritmo edo melodia hori eta ez beste bat, nola uztartu dugun letrarekin eta abar". De Abajok azaldu duenez, "sormen prozesuak, anarkikoa izan arren, badu bere prozedura".
"Askotan abesti bat ezagutzen dugu eta ez gara gai doinu hori beste letra batekin ulertzeko. Horrek zerbait esan nahi du: elementuek bat egiten dute eta zerbait asmatu dugu", gehitu du Zabalak.
Prozesu bizia
Bi saio egin dituzte dagoeneko, Barañainen (Nafarroa) eta Mutiloan (Gipuzkoa). "Gerta daiteke abestia gai zehatz baten inguruan egiteko enkargu zehatz bat izatea, baina baliteke aldez aurretik gai zehatzik ez izatea". Kasu horretan, paper zati batzuk banatuko dituzte jendeak gaiak proposatzeko. "Nahiko sistema berritzailea da", dio Egañak.
Bertsolariaren arabera, saioan parte hartuko dutenei "inkesta" bat pasatzean datza hasierako dinamika, abiapuntu bat ezarri ahal izateko: "Abestiaren helburua zein den, zein tono emango diogun, zein den egokiena iruditzen zaien erritmoa eta abar galdetuko diegu. Hori guztia irudikatzen hastean, Xabierrek (Zabala) doinuarekin frogak egiteari ekingo dio".
Saio bat, abesti bat
"Ikuskizun bat sortzean, ikuskizun hori erakutsi ohi da herriz herri. Gure emanaldian, ordea, ez da horrela izango: saio guztiak desberdinak izango dira. Egin ditugun bi saioek ez dute zerikusirik batak bestearekin", adierazi du Zabalak. "Hori da Enkarguzen ezaugarririk bereziena".
Ikuskizunean publikoak sormen lan osoa jarraitu ahal izateko erraztasunak emango ditu De Abajok, pantaila baten bidez. "Batzuetan gorabehera eta joan-etorri handiak izaten dira sormen prozesuan, eta, denek jarraitu ahal izateko, pantaila bat baliatuko dugu. Ikuspegi eta osagai didaktikoak plazaratuko ditugu bertan, hala nola, elementu literarioak, beste sortzaile batzuen aipamenak eta bitxikeriak. Pixkanaka edukia jaso eta bistaratuko dugu".
Horrela, publikoa sortutako abestiaren eta ibilbidearen "parte" sentitzen dela uste du De Abajok: "Beren sormen prozesu propioa garatzen dute ikuskizunean zehar, ariketa bat egitea eskatzen die".