Txotxongiloekin jolasean

Amaia Urbieta Arruti 2019ko ots. 6a, 08:30

Erakusketa berri bat dago ikusgai Sanz Enean.  Martxoaren 3ra arte, zirkua ardatz izango duen txotxongilo erakusketa izango da bertan, Corrado Masacci artista italiarraren eskutik.

Atzo zabaldu zuten Sanz Enea kultur etxean Corrado Masacciren Zirkua eta txotxongiloak izeneko erakusketa. 40 urte daramatza artista italiarrak txotxongiloekin lanean, eta oraingoan, zirkuarekin zerikusia daukaten piezekin osatu du lana.  Pailazo, trapezista zein malabarista itxura hartu dute Masacciren txotxongiloek oraingo honetan, baina horren aurretik, forma eta kolore guztietako piezak egin izan ditu.
 
180 erakusketa aretotan erakutsi ditu bere lanak gaur arte, hainbat ikastaro eskaini du, eta zenbait film eta antzerkitan hartu du parte bere lanekin. Esaterako, Helena Taberna zuzendariaren Yoyes filmean eta Maskarada antzerki taldearen Gabriel Aresti ikuskizunean.

Martxoaren 3ra arte egongo da ikusgai txotxongilo erakusketa Sanz Enea kultur etxean, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Ordutegi horretatik kanpo,  hainbat eskolatako ikasleek aukera izango dute txotxongiloak ikusteko Masaccik berak gidatuta, horretarako prestatu dituzten bisita didaktikoetan. Esperientzia handia dauka artistak umeekin lanean, eskolaz kanpoko klaseak ematen aritu baita urte askoan. Sarri uztartu izan ditu txotxongilogintza eta irakaskuntza artistak.

Bitxikeria moduan, erakusketa osatzen duten lau aretoetatik bat igelez osatua dagoela azaldu du artistak. Badu fijazio berezia Masaccik animalia honekin, aurretik ere hainbat erakusketa egin izan baititu igelez osatuak.