Sortzaile eta enpresak elkarlanean jartzeko egitasmoa

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 6a, 11:36

Artista eta sortzaileei bideratutako formakuntza saioak eskainiko ditu Udal Elkarteak, ezagutza teoriko eta praktikoak uztartuz. Bestalde, enpresek beren barne-prozesuan sormenari lekua egiteko tresnak ere sortuko ditu.

Kultura eta Sormen Industrien sektorea suspertzeko hainbat egitasmo jarri ditu abian azken hiru urteetan Urola Kostako Udal Elkarteak. Aurtengoan, ordea, "jauzi kualitatibo bat" eman nahi izan dute, bestelako sektore ekonomikoetan eragiteko asmoz. Hain zuzen ere, Sormen Industriaren alorra eta eta sektore ekonomiko tradizionalak uztartuko dituen ekimenak jarriko dituzte martxan. "Lankidetza sarea zabaldu, sektore arteko zubiak eraiki eta Industria eta Sormen esparrutik abiatuta, sektore ekonomiko tradizionaletan eragingo duten proiektuak landuko dira, halako proiektuetatik sinergia oso interesgarriak sor daitezkeela uste dugulako".

Enpresa edo erakundeek identifikatutako erronkak izango dira proiektuaren abiapuntu, eta hoiei irtenbidea aurkituko zaie artista eta sortzaileen lanaz. "Erakundeek ezinbesteko dituzte erantzun berritzaile, praktiko, baliagarri eta eraginkorrak".

Era berean, UKUEk baieztatu duenez, artista eta sortzaile askok dute beren dohain eta konpetentziak bestelako sektoreen zerbitzura jartzeko interesa eta gaitasuna. "Berrikuntzaren bidea jorratuz, erakunde nahiz enpresen erronkei erantzun bat emateko profil egokia dute". Erakundeen arazo edo erronkei irtenbide eraginkorrak emateko sortzaileek "gaitasun handia" izan ohi dutela baieztatu du Udal Elkarteak.

Egitasmo berriaren helburu nagusia bi esparruetako eragileei laguntzea da. Sormen Industria alorrekoei tresnak eskaintzea, bestelako sektoreetan lan egiteko aukera zabaltzeko, eta enpresei, beren barne-prozesuan sormenari lekua egiteko.

Formakuntza artista eta sortzaileentzat

Prestakuntza eskainiko zaie ekimenean parte hartzeko interesa duten eskualdeko artista eta sortzaileei. Antzeko 300 proiektu ingurutan aplikatu den Conexiones improbables metodologia "arrakastatsuan" oinarrituko dira formakuntzarako.

Trebakuntzak ezagutza teoriko eta praktikoak uztartuko ditu. Lehenengo, alderdi teorikoari helduko zaio, lau orduko saio batekin. Aurrerago, profil egokienak dituzten bi pertsona aukeratuko dituzte saio praktikoetarako. Horiek, guztira, 24 orduko trebakuntza praktikoa jasoko dute.

Prestakuntzaren ondoren, sortzaileek aurrez adostutako erronken gaineko esku-hartze ez artistikoei  ekingo diote. Prozesuak metodologian adituak direnen gidaritzapean burutuko dira: alegia, bertako sortzaileek uneoro izango dute Conexiones Improbables metodologian esperientzia handia duten  tutore bat bidelagun.

Egitasmoan interesa dutenek izena eman dezakete, baita halako esku-hartzeren baten beharra ikusten duten enpresa edo erakundeek ere. Epea otsailaren 13ra arte egongo da zabalik. Informazio gehiago jasotzeko enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzi daiteke edo 943-89 08 08 telefono zenbakira deitu.