Aurtengo neguan ez dute ireki etxerik gabeko pertsonei gauez aterpea ematen zien etxea, Neguetxea. "Egoerak larrituta", dozenaka herritar elkartu ziren pasa den igandean. Ireki Neguetxea orain! dinamika abiatu dute, eta larunbatean, otsailak 9, elkarretaratzea egingo dute udaletxe aurrean, Neguetxearen irekieraren alde. Bestalde, dinamikari jarraipena emateko, batzarra antolatu dute iganderako, otsailak 10, 17:00etan Putzuzulon.
Hona hemen komunikatua osorik:
"Urtarrilaren erdialdera jakin genuen, prentsa bidez, Zarauzko Gizarte Zerbitzuen saileko arduradunaren ahotik: "Zarautzen ez dugu leku aproposik topatu Neguetxea kokatzeko". 2011tik urtero ematen zen oinarrizko zerbitzu hori, Monte Albertiako Etxe Txikian, azarotik martxora —Diputazioak uzten zion udalari, etxegabeei aterpea emateko—. Nola jakinarazi liteke halako erabaki larri bat, behin negu betean sartuta, eta hain argudio kaskarrekin?
Egoerak larrituta, dozenaka herritar elkartu ginen igandean Danda gazte asanbladaren deiari erantzunez. Eskura genuen informazioa bildu, eta gaiaren urgentziak kezkatuta, honako puntuak herritarroi helaraztea erabaki dugu:
- Neguetxea Etxe Txikitik kentzeko argudio nagusia da Monte Albertia ikastetxeak toki gehiago behar duela bere jarduerak betetzeko. Baina benetan, bertako ikasleek bazkaltzeko soilik erabiltzen dute Etxe Txikia. Hori gutxi balitz, eskolak badu berezko jantokia, eta gainera, Neguetxeak gauez ematen du zerbitzua; ez du oztopatzen bazkalorduan eraikina erabili ahal izatea.
- Etxe Txikia Neguetxe izateko prestatuta dago. Hamabost bat ohe ditu, komunak, dutxak, sukaldea eta jantokia. Zerbitzua emango lukeen elkarte eta boluntariorik ere ez da falta. Oraintxe bertan, beraz, ateko giltzarrapoa da zerbitzu hori ematea eragozten duen bakarra. Jendea kalean dago, eta oheak hutsik.
- Zarautzen bertan, erakin publiko gehiago ere badaude hutsik –eta ehunka etxebizitza, bide batez-. Ebroetxean erromesak hartzeko lekua, nola dago? Anbulategi zaharra, nola dago? Santa Klarako komentua?
- Ez digu balio pilota erakunde batek besteari botatzea –horixe egin du udal gobernuak, behin gaia publiko egin ondoren onartutako mozioan-. Erakunde guztien ardura da salbuespen egoera honi irtenbide bat ematea. Mankomunitatean ere aztertu omen dute gaia, eta eskualde osoan ez omen dute “leku aproposik” topatu. Hortik aurrera, baina, gaia geldirik omen dago mankomunitatean. Esandakoengatik badirudi Zarauzko Udala ez dela mankomunitate horren kide.
- Ezkutatu egiten zaigu sarri errealitate hau. Eusko Jaurlaritzaren arabera, 2016an 3.000 etxegabe baino gehiago zeuden EAEn, aterpe bat behar dutenak. 2018an, Bizkaian, bikoiztu egin da etxegabe kopurua. Nola liteke horrenbeste baliabide kudeatzen dituzten erakunde publikoek egoera hau aintzat ez hartzea? Nola liteke, egoera honetan, Gipuzkoan Neguetxe bat gutxiago izatea? Plazak murriztu zituztela salatu zuten Donostian ere. Ez dugu kasualitateetan sinesten.
- Argi eta garbi: gure iritziz, utzikeria eta borondate falta da egoera hau ekarri duena. Denboraz aurreikusi eta kudeatu zitekeen auzia da, baina ez zeukaten planifikaziorik. Edo larriagoa dena: hauxe da plangintza. Zein da lehenesten dugun herri eredua? Zaila zaigu imajinatzea, adibidez, turismo bulegoarekin halakorik gerta daitekeenik Zarautz txukun eta garbi honetan. Kale gorrian dagoenari aterpea ukatzea erabaki politikoa da.
Egoerak larriturik, gaia kalera atera eta instituzio publikoei presio egiteko bide bat ireki asmoz, herritar guztiei dei egin dizuegu elkarretaratze honetara (larunbatean, 12:30ean, udaletxe plazan), honek berehalako erantzuna eskatzen baitu.
Erantzun horrek kolektiboa izan behar duenez, orain arteko dinamikari jarraipena emateko, bihar, igandea, egingo dugu bilera, 17:00etan, Putzulon. Herritar guztiak gonbidatzen zaituztegu parte hartzera.
Horrez gain, jakinarazi nahi dizuegu bolondresen zerrendak osatzen ari garela martxan jar daitezkeen ekintza ezberdinetan parte hartzeko. Laguntzeko prestutasuna duen edonori eskatzen diogu mahaira hurbil dadila izena eman dezan.
Kontakturako eposta: negukoetxea@gmail.com".