Pukasen surf taula, munduko bigarren onena izendatua

Sidneyn izan da Stab Magazinek antolatutako sari banaketa. (@XabiTxurruka)

Zarauzko Pukas enpresaren Pukas tasty treat taula izendatu dute munduko bigarren onena, Stab Magazine-k Sidneyn antolatutako gala batean.

Stab Magazine hedabide espezializatuak Stab in the dark lehiaketa antolatu du aurten ere, laugarrenez. Sidneyn (Australia) egin dute sari banaketarako gala, eta bertan, munduko bigarren surf taularik onena izendatu dute Zarauzko Pukas enpresaren Pukas tasty treat taula.

Estatu Batuetako Channel Island enpresak eskuratu du lehenengo postua, eta Australiako DHD markak, aldiz, hirugarrena. Taularik onena erabakitzeko, lehiaketara aurkeztutako taula guztiak probatzen ditu surflari ezezagun batek. Plataformek ez dute logorik izaten, eta aurten, guztiak beltzez margotu dituzte (dark).

Enpresek ez dute surflaria nor den jakiten, izan ere, datu batzuk baino ez dizkiete helarazten. Gauzak honela, edizio honetako parte hartzaileek bazekiten taulak probatuko zituen surflariak 1'77 metro neurtzen zituela eta 80 kilo pisatzen zituela. Bestalde, enpresek material ekologikoa erabili behar zuten.