'GHERO. Azken euskalduna' antzezlana eskainiko dute martxoaren 15ean

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 7a, 12:18

GHERO. Azken euskalduna antzezlana ikusteko aukera izango da Modelo aretoan, martxoaren 15ean. Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira, Akademiak eta Tartean antzerki konpainiak ekoiztu dute, elkarlanean.

Kutsu futurista duen antzezlana da GHERO. Azken euskalduna. 3000. urtera jauzi eginda, azken euskaldunaren istorioa kontatzen du, eta harekin batera, baita euskararena ere. Konpainiak adierazi duenez, "hizkuntzen aniztasunaren aldeko kantu bat" izan nahi du GHEROk. Umoreari helduz, euskararen iraupena lantzen du antzezlanak, "euskaldunok gure gain dugun euskararen iraupenaren zama".

Patxo Telleriak idatzi du antzezlana eta Jokin Oregik zuzendu du; oholtza gainean, berriz, Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri, Mikel Martinez eta Patxo Telleria izango dira. Iñaki Salvador piano jotzaileak musika konposatu eta zenbait doinu tradizionalen moldaketa egin du antzezlana gitotzeko, eta eszenografiaz, Ana Garay arduratu da.