Inaxio Uriaren bertsoak ingelesari buruz

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 8a, 13:15

Hemen duzue irakurgai Inaxio Uriak ingelesari buruz idatzi duen Ing bertso sorta. "Nik panorama honekin ez dakit nundikan ekin, gure garaian ezagun gendun King Kong edo Kong King".

Doinua: "Mutil mainontzi"

-1-
Ingeles hizkuntzarekin
bizi gara berarekin
Eguneroko egitarauan
ezin da ekidin!
Erosketak nola egin?
Aisialdietan berdin
Lan, kirol eta jatetxeetan
bera gabe ezin (bis)

-2-
Argitze asmoarekin
noa adibideekin
Lan arloetan antolakuntzak
deitura du planning
Enpresa batuak holding
Salketa gaiak marketing
Aholkulari lanari berriz
zehazki consulting (bis)

-3-
Kirol arloa sporting
Entrenamendua trainning
Boxeolaria baldin bada
agian sparring
Itsas uhinetan surfing
Zubitik jauzia puenting
Eta mendiko ibilaldia
luzea da treking (bis)

-4-
Aisialdia happening
Opor bizileku camping
Aparkalekua izaten da
gehienentzat parking
Lotarako caravaning
Tokirik ez overbooking
Ibaian behera piraguarekin
horixe da rafting (bis)

-5-
Jaka dotorea smoking
Sudur eraintsia piercing
Eta zimurrak itxuratzeak
izena du lifting
Beste aukera da peeling
Nibel ona goi standing
Eta bikote maitalearekin
harremana feeling (bis)

-6-
Erosketak dira shopping
Pure ta kremari pudding
Eta kanpotik preparatua
omen da catering
Gela dotorea living
Itoaldiari pressing
Basque Culinary Center-en berriz
jakiak on egin (bis)

-7-
Nik panorama honekin
ez dakit nundikan ekin
Gure garaian ezagun gendun
King Kong edo Kong King
Baina ingelesarekin
nundikan jo nik ez jakin
Onartu beharra izango dut
Hala bedi, "en fin" (bis)