Pagoeta Mendizale Elkarteak mendi irteera antolatu du otsailaren 24rako, igandea. Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldera joango dira, hain zuzen ere, Larraunera. 16 herrik osatzen dute Larraun: Albiasu, Aldatz, Alli, Arruitz, Astiz, Azpirotz, Baraibar, Errazkin, Etxarri, Gorriti, Iribas, Lezaeta, Madotz, Mugiro, Oderitz eta Uitzi.
Gorritiko plazan (682 metro) emango diote hasiera 13 kilometro inguruko ibilbideari. Ipar-ekialderako norabidea hartuko dute jarraian, basoan sartu eta bide zehatzik jarraitu gabe Akordetagana muinora (867 metro) iristeko.
Gorriti eta Uitzi lotzen dituen bideari helduko diote gero, eta Uitzi herrira (705 metro) jaitsiko dira. Herria gurutzatu eta mendi-bide bat igoko dute jarraian, Guratz gailurrera (976 metro) igotzeko. Beherako bideari helduko diote orduan: hego-mendebalderako norabidea hartu eta Matxain inguruetara joko dute, hegoalderako norabidea hartu eta Gorritiko plazara itzultzeko.
Lau ordu eta erdi inguruko txangoa izango da, eta 07:30ean irtengo dira Zarauzko Agoueseneko biribilgunetik.