'Ekiten, ekintzaile eta enpresarien ekosistema', martxan berriz ere

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 8a, 16:00
Enpresarioei bideratutako ikastaroak izango dira otsailean eta martxoan.

Urola Kostako Udal Elkarteak bigarrenez abiatu du egitasmoa, "ekintzaile eta enpresarien lana eskertzea eta ezagutzera ematea" eta "laguntza eta baliabideak eskaintzea" helburu duena.

Urola Kostako Udal Elkarteak Ekiten, ekintzaile eta enpresarien ekosistema egitasmoa jarri du martxan, bigarrenez. Helburu nagusia "ekintzaile eta enpresarien lana eskertzea eta ezagutzera ematea" da, beren lana "balioan" jartzeko. Enpresarioen lanak "gure eskualdeari ekartzen dion onura ekonomiko eta soziala ezagutzera ematen jarraitu nahi dugu", adierazi du Udal Elkarteak.

Bestalde, enpresen arteko harremana sustatu nahi dute dinamikaren bidez, eta "baliabideak eta laguntza" eskaintzeko asmoa ere agertu dute. Horretarako, "enpresarioek izan ditzaketen beharretan oinarritutako ekimen eta prestakuntza desberdinak" antolatuko dituzte.

Gauzak honela, helburu hauek betetzeari begira, "ekintzaile eta enpresarioen negozio ideiak landu eta sendotzeko hainbat ekimen" abiatuko dituzte Urola Kostako Enpresa Sustapeneko zerbitzutik.

Udal Elkarteak dagoeneko jarri ditu martxan zenbait jarduera, Ekiten egitasmoaren barruan. Urtarrilean "pertsona ekintzaileei" eta "mikroenpresetako enpresarioei" bideratutako ikastaro bat prestatu zuten, sare sozialen inguruan.

Otsailerako beste prestakuntza saio bat iragarri dute: Gizarte Segurantzaren baitako autonomoen legedian 2019an izan diren berrikuntzei buruzko tailerra egingo dute otsailaren 22an, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian. 09:30etik 11:00etara izango da saioa. Martxorako salmentaren eta komunikazioaren inguruko zenbait tailer praktiko antolatuko dituzte.