'Ireki Neguetxea orain' dinamikako batzarrera deitu dituzte zarauztarrak, biharko

Zarauzko hitza 2019ko ots. 9a, 14:46

Gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute herritarrek Lege Zaharren Enparantzan, eta biharko batzarra antolatu dute. 17:00etan izango da Putzuzulo gaztetxean.

Aurtengo neguan ez dute ireki etxerik gabeko pertsonei gauez aterpea ematen zien etxea, Neguetxea. "Egoerak larrituta", dozenaka herritar bildu ziren pasa den astean Danda gazte asanbladaren deiari erantzunez, eta gaur eguerdian Lege Zaharren Enparantzan Ireki Neguetxea orain! lelopean elkarretaratzea egin dute.

Gaia kalera atera eta instituzio publikoei presio egiteko bide bat irekitzeko asmoz, Ireki Neguetxea orain! dinamika abiatu dute, eta bihar (igandean) arratsaldean batzarra egingo dute Putzuzulo gaztetxean, 17:00etan hasita. Erantzunak kolektiboa izan behar duela uste dute, eta zarauztar guztiei bileran parte hartzeko deia luzatu diete.

Horrez gain, jakinarazi dute boluntarioen zerrendak osatzen ari direla martxan jar daitezkeen ekintza ezberdinetan parte hartzeko. Laguntzeko prestutasuna duen edonork izena eman dezake negukoetxea@gmail.com helbidean.

Erlazionatuak