Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin hitzarmen berria sinatzeko prozesua hasi du udalak

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 11a, 15:30
Urtarrilean onartu zuen hitzarmena Zarauzko Udalak. (Zarauzko Udala)

Uraren ziklo integrala osatzen duten bi sareen kudeaketa, 'goia' eta 'behea', Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren gain uztea onartu dute. Zarautzen uraren prezioaren jaitsiera iragarri dute, eta herritarrek "zerbitzu hobea" jasoko dutela iritzi dute.

Urtarrilaren 31n, osteguna, ohiko osoko bilkura egin zuen Zarauzko Udalak, eta uraren ziklo integralaren kudeaketa izan zuten hizpide. Udalbatzarrak aho batez onartu zuen kudeaketa Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren esku uzteko lankidetza hitzarmena sinatzea.

Bi sarek osatzen dute uraren zikloa: 'goia', Ibai-Eder urtegitik Zarauzko ur deposituetaraino, eta 'behea', Zarauzko ur deposituetatik etxeetaraino doan ur hornidura, eta ur zikinen garraioa araztegiraino. Gipuzkoako Ur Kontsortzioak 'goia' sarea kudeatzeko ardura izan du orain arte, baina udalbatzarrean onartu berri duten hitzarmenaren ondorioz, 'goia' sareaz gain, 'behea' ere kudeatzea aurreikusi dute, hurrengo hamar urteetan, gutxienez.

Modu horretan, Jesus Arana EAJko bozeramailearen arabera, "24 orduko zerbitzua, urteko 365 egunetan" izango dute herritarrek, "bai telefonoz baita ezarriko duten bulego birtualean ere". Istripu eta ezbeharren eta ur jarioengatik izandako galeren erantzukizuna Gipuzkoako Ur Kontsortzioarena izango dela azaldu du.

Bestalde, "abantaila ekonomikoak" ere iragarri ditu Aranak: "Zarauzko bizilagunentzat uraren prezioa %24 jaitsiko da. Era berean, tarifikazioa biztanle eta eguneko kontsumoaren araberakoa izango da". Modu horretan, "familiek ura merkeago ordaintzea" eta "uraren kontsumo arduratsua sustatzea" bilatu nahi dute.

Zarauzko Udalak onartutako hitzarmenaren arabera, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak 4.864.990,70 euroko inbertsioa egin beharko du, eta udalak, 1.725.285,70 euroko konpentsazio kanona jasoko du.

Teknikariek egindako azterketen ondorioak aintzat hartuta, onartutako akordioarekin "udalak ez duela dirurik galduko" esan du Aranak: "gainera, herritarrek zerbitzu hobea jasoko dute", gehitu du.