Zarauzko hainbat bertsolarik parte hartuko dute Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2019ko ots. 12a, 11:45
Ostiral honetan hasiko da txapelketa.

Ostiralean hasiko da txapelketa Ibarran. Bigarren eta hirugarren saioak Zestoan eta Orion izango dira hurrenez hurren. Zarauzko bost bertsolari ariko dira kantuan: Aner Peritz, Uxue Alkorta, Aimar Sorazu, Joane Aldalur eta Jon Azpiroz.

Ostiralean hasiko da Gipuzkoako Eskolarteko XXXIX. Txapelketa. Aurtengo bat-bateko lehian 23 bertsolarik parte hartuko dute, eta lau kanporaketa egingo dituzte afari formatuko saioetan –Ibarran, Zestoan, Orion eta Oñatin–. Finala, berriz, Lasturren izango da apirilaren 5ean.

Urola Kostako 11 bertsolari ariko dira kantuan: Aner Peritz, Uxue Alkorta, Aimar Sorazu, Joane Aldalur eta Jon Azpiroz zarauztarrak; Irati Arakistain eta Joar Garate zumaiarrak; Imanol Albizu eta Iker Letamendia azpeitiarrak; eta Julene Iturbe eta Naia Arrizabalaga azkoitiarrak.

Lehen saioa ostiralean izango da, Ibarrako Sendi Ekintza elkartean, eta honako bertsolari hauek ariko dira kantuan: Joar Garate, Araitz Sagarna, Maddi Aiestaran, Aitor Tatiegi, Ekain Tolaretxipi eta Hodei Munduate. Bigarren saioa, berriz, martxoaren 1ean egingo dute, Zestoako Lau Iturri elkartean, eta honako lagun hauek ariko dira bertsotan: Oihana Arana, Uxue Alkorta, June Garmendia, Imanol Albizu, Igauri Lopetegi  eta Iker Letamendia. Hirugarren saioa Orioko Aldapa elkartean egingo dute martxoaren 15ean, eta Irati Arakistain, Maide Garmendia, Joane Aldalur, Aner Peritz , Xabier Agirre eta Jon Azpiroz ariko dira kantuan. Laugarren eta azken kanporaketa Orioko Larrain-Gain elkartean izango da, eta bertsolari hauek ariko dira lehian: Haizea Arana, Julene Iturbe, Naia Arrizabalaga, Aimar Sorazu eta Bittor Zubiagirre.

Lau saio horiek afari formatuan egingo dituzte, eta dagoeneko salgai daude afaritarako txartelak www.bertsosarrerak.eus webgunean. Sarrerak saioaren aurreko ostegun eguerdira arte izango dira eskuragarri.