Ostegun honetan, otsailak 14, irekiko dituzte Modelo aretoko ateak, eraberrituta. Otsaileko egitarauari hasiera emateko, Telmo Esnal zarauztarrak zuzendutako Dantza filma emango dute 20:00etan. Horren aurretik, aretoaren irekiera ekitaldi gisa, filmean parte hartu duten Zarauzko dantzariek ikuskizuna eskainiko dute. Zarauzko Torreoian grabatutako pasarte batean ageri dira. Esnal zuzendaria ere bertan izango da ostegunean, filmaren aurkezpena egiteko.
Abenduaren 21ean izan zen Dantzaren estreinaldia, eta dagoeneko 56 herritan eman dute. Kalkuluen arabera, 40.000 ikusle izan ditu. Osteguneko saioaz gain, beste sei emanaldi izango dira Modelon:
- Otsailaren 15ean, 19:30ean eta 22:00etan.
- Otsailaren 17an, 19:30ean eta 22:00etan.
- Otsailaren 18an, 17:00etan eta 22:30ean.
Bestalde, gaur, asteartea, irekiko dute Xabier Artolak Dantzaren filmaketan ateratako argazkiekin osatutako erakusketa, Photomuseumen. Kameren aurrean dantzari: 'Dantza' filmeko argazki sorta bat bilduma martxoaren 19ra arte izango da ikusgai.