Kataluniari babesa agertu zioten atzo zarauztarrek ere

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 13a, 14:12

Atzo hasi zen Kataluniako politikari eta gizarte mugimenduetako buruzagi independentisten aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean. Epaituei elkartasuna adierazteko mobilizazio ugari egin dira Urola Kostako hainbat txokotan, baita Zarautzen ere.

Atzo, asteartea, hasi zen Kataluniako politikari eta gizarte mugimenduetako buruzagi independentisten aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean. Epaituei elkartasuna adierazteko mobilizazio ugari egin dira Urola Kostako  hainbat txokotan. 

2017ko urriaren 1ean Katalunian independentziaren gaineko erreferenduma deitzeagatik daude auziperatuta epaiketara deitutako buruzagi independentistak. Gaur hasitakoa “erabakitzeko eskubidearen aurkako epaiketa” dela salatu du Gure Esku Dago mugimenduak: “Herrien autodeterminazio eskubidea ukatu nahi dute. Horren aurrean, gure burua demokratatzat dugun guztiok bat egin behar dugu, bai epaiketaren aurrean, baita eskubide zibil eta politikoen urraketa guztien aurrean ere”. Gure Esku Dagoren aburuz, epaiketarekin, “preso dauden buruzagi katalanen askatasunarekin batera, herritar guztion eskubideak daude jokoan”. 

Herriz herri mobilizazioak deitu ez ezik, igandean Donostian egingo duten manifestaziorako deia ere egin dute eskualdeko Gure Esku Dagoko kideek. Manifestazioa 12:00etan abiatuko da, Gros auzoko Katalunia plazatik, eta Bulebarreko kioskoan amaituko da. Kolore horiz jantzi nahi dituzte Donostiako kaleak, eta aterki horiak izango dira manifestazioaren ikur. Aterki horiek eskuragarri egongo dira ibilbidearen hasiera eta amaieran.