Azken Artxipielagoa ikusgai izango da larunbatean Modelon

Amaia Urbieta Arruti 2019ko ots. 14a, 16:00
Andoni EgaƱa, Garikoitz Mendizabal, Nekane Iribar eta German Ormazabal. (Amaia Urbieta Arruti)

Larunbatean, Artxipielagoa ikuskizunaren azken emanaldia ikusteko aukera izango da, Modelo aretoan. Diziplina desberdinak lantzen dituzten hainbat artisten artean osatutako emanaldia da Artxipielagoa.

"Elkarrengandik hurbil, baina aldi berean aparte dauden irla txiki mordoa da Artxipielagoa". Andoni Egañak azaldu duenez, hala sentitzen ziren Garikoitz Mendizabal, German Ormazabal, Ainhoa Garmendia, Pello Ramirez eta Belen Ibarrola. Bakoitza bere irlan, bere kultur sormenaren inguruan. "Sentitzen genuen gure artean bazela itsaso bat, elkarrengandik bereizten gintuena eta aldi berean lotzen gintuena. Jakin-min horren fruitua da Artxipielagoa".

Modelo aretoan izango da larunbatean, 20:00etatik aurrera. Hain zuzen ere, emanaldia eskainiko duten azken aldia izango dela jakinarazi dute emanaldia osatzen duten artistek, momentuz. Sarrerak 10 euroan salgai daude Sanz Enea kultur etxean, eta bukatu ezean, egunean bertan ere jarriko dituzte salgai leihatilan.

Euskal kantei gorazarre

Parte hartzaile bakoitzak bere ekarpena egiten dio emanaldiari. Egañak bertsotan egiten du, Mendizabalek txistua jo, Olazabalek pianoa jotzen du, Ramirezek akordeoia eta biolontxeloa jotzen ditu, Garmendiak abestu egiten du eta Ibarrola irudiez arduratzen da. Uharte horiek guztiak batuta, euskal kantutegiaren errepaso bat egiten dute. "Helburuetako bat da publikoa kantuan jartzea; azken finean, oholtzaren eta butaken arteko distantzia ahal bezainbeste laburtzeko", azaldu du Egañak.

Ikuskizunaren lehen zatian, Garmendiak garai bateko kantuak abesten ditu, euskal ondare tradizionalekoak. Mikrofonorik gabe, sopranoek ohi duten eran. Emanaldiaren bukaera aldera, berriz, publikoak jakin ohi dituen abestiak joko dituzte, letrak txukun pantailaraturik.