Jubilatuek eta pentsiodunek beren eskakizunak bozkatuko dituzte astelehenean

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 15a, 09:00
Astelehenero egiten dute mobilizazioa jubilatuek eta pentsiodunek. (Dorleta Agiriano Lai)

Zarauzko Pentsiodunen Plataformak deituta, asteleheneroko elkarretaratzea egingo dute astelehenean, Lege Zaharren enparantzan. Jarraian, jubilatuen eta pentsiodunen eskakizunak laburbiltzeko asmoz osatutako bost puntuak bozkatuko dituzte. Hona hemen astelehenean proposatuko dituzten puntuak.

Zarauzko Pentsiodunen Plataformaren eskutik, jubilatuek eta pentsiodunek astelehenero egiten dute elkarretaratzea Lege Zaharren enparantzan, 12:00etan. Datorren astelehenerako ere hitzordua jarri dute, eta mobilizazioa amaitzean, beren eskakizunak laburbiltzeko asmoz osatu dituzten puntuak bozkatuko dituzte.

Hona hemen eskakizunen laburpen gisa proposatu dituzten bost puntuak, Zarauzko Pentsiodunen Plataformaren esanetan:

  1. "Gai honetan eskumena duen Estatuko Gobernuari, bizitza osorako legez bermatuak egongo diren pentsio publiko duinak. Horretarako, aurrekontuetan beharrezko baliabideak ezarri beharko dira. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen dugu".
  2. "2011ko eta 2013ko pentsioen erreformen ezaugarri atzerakoiak ezabatzea (iraunkortasun faktorea) eskatzen dugu, eta baita urtero KPIren araberako eguneratzea bermatzea ere".
  3. "Euskal Gobernuak pentsioen gaian eskumenik ez izan arren, bere aurrekontuetan 1.080 euro arte osatu ditzake, lege berezi baten bidez eta eskumenen zain egon gabe".
  4. "Bereziki nabarmendu eta aldarrikatu nahi dugu alargunek %100eko pentsioa jasotzeko eskubidea dutela. Pentsio ez-kontributiboak dituztenek, gehienak emakumeak, gutxieneko pentsio bat bermatua izan behar dute, pentsioen arteko arrakala desagerrarazteko".
  5. "Jakin badakigu Estatuko Gobernuak eta Euskal Gobernuak ez dituztela jubilatuak aintzat hartu beren aurrekontuak osatzerakoan, guk hori eskatu arren. Dena den, pentsioen gaiak kezkatzen dituela egiaztatu dugu, eta irtenbide justua eman beharko diotela adierazi nahi dugu".

Alde, aurka edo abstentzioa

Proposatutako eskakizun hauekin ados ez daudenek, mikrofonora hurbiltzeko eta beren iritzia emateko aukera izango dute astelehenean. Jarraian, proposamenaren alde edo aurka bozkatuko dute parte hartzaileek, eskua altxatuz. Lehendabizi, aurka daudenek altxatuko dute eskua; gero, abstenitzen direnek; eta azkenik, alde daudenek. "Emaitza nabaria bada, kontaketa ekidin dezakegu", azaldu dute.

Bost puntu hauek Zarautzen onartuz gero, Gipuzkoa mailako plataformara eramango dituzte, "kontuan izan ditzaten". Bestalde, Zarauzko Udaleko indar politikoei ere helaraziko dizkiete.