Lizardi institutuak duela bi urte jarri zuen martxan "kultura elkartrukerako" programa, Augsburg-eko (Alemania) Peutinger-Gymnasium institutuarekin. Duela bost urte abiatu zuten Lizardin alemana ikasteko aukera, "euskara ardatz izanik", "eleaniztasuna bideragarri egiteko" eta "ikasleen hizkuntza komunikazioa" lantzeko.
Aurten ere Alemaniara bidaia egin dute Lizardin alemana ikasten duten DBHko gazteek, "hizkuntza komunikazioa aberasteko" eta "maila pertsonalean garatzeko" asmoz. Otsailaren 9an joan ziren, eta 16ra bitartean izango dira Alemanian, bertako familiek harreran hartuta. Modu horretan, "beraien bizitzeko eran eta kulturan integratzea" bilatzen dute.
Lizardiko arduradunen esanetan, "hezkuntza, hizkuntza eta kultura" izan ohi dira gaiak programan parte hartzen ari diren kideen arteko elkarrizketetan. "Disziplina edo ikasgai mailako ikasketa izateaz gain, esperientzia aberasgarria" dela gehitu dute: "irakasleen eta ikasleen arteko harremanak, araudiak, ohiturak eta beste hainbat errealitate bizitzeko eta alderatzeko aukera" izan dutelakoan daude.
Besteak beste, Augsburg-en, München-en eta Nördling-en, Harburg-eko gazteluan, Krater eta Fugger-Welser museoetan izan dira zarauztarrak.
Bestalde, Augsburgeko ikasleak eta ikasleak apirilean izango dira Zarautzen. Lizardiko irakasleez gain, ikasleek eta sendiek ere harreran parte hartuko dutela azaldu dute.