Zaratak murrizteko hainbat ekintza adostu nahi ditu udalak herritarrekin

Onintza Lete Arrieta 2019ko ots. 15a, 14:06
Autobidearen zaratak haurrengan izan dezakeen eraginaz kezkatuta daude guraso batzuk (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Ingurumen Sailak 54 proposamen bildu ditu, eta herritarrek horiek osatu edo gehiago proposatzeko aukera dute. Otsailaren 19an, asteartea, banan-banan eztabaidatuko dituzte. Bestalde, aparteko bilera egingo du Orokieta eta La Salle ikastetxeetako hainbat gurasorekin, horiek kezkatuta baitaude autobideak eragiten duen zaratarekin.

Zarauzko Udalak osatuta dauka Zarata Mapa. Hau da, gaur egun zaratak sortzen dituen arazo handienak identifikatuta ditu; badu errealitatearen argazki bat. Hori eskuartean edukita, hurrengo pausoa da neurriak proposatzea eta horiek garatzea, zarata gutxitzeko eta horrela herritarren bizi kalitatea hobetzeko.

Udaleko Ingurumen Sailak 54 proposamen zehatz bildu ditu Mapa horretatik abiatuta eta udaletxean herritarren partetik jasotzen diren kexa eta iradokizunak kontuan hartuta. Astearte iluntzean batzar irekia egin zen Etxezabalan herritarrekin, eta bertaratu ziren 20 lagun inguruk jaso zuten proposamenen zerrenda hori. Hasierako zerrenda da. Orain, hori osatu egingo dute herritarrek. Ekarpenak egiteko interesa dutenek idatzi egin dezakete brodriguez@zarautz.eus edo gvazquez@zarautz.eus helbideetara, edo telefonoz deitu 943-00 51 09 zenbakira. Zerrenda hori jaso nahi dutenek ere bide bera erabili behar dute.

Asteartean egingo dute hurrengo bilera irekia, 18:00etatik 20:30era Etxezabalan. Orduan eztabaidatuko dituzte banan-banan proposamen horiek guztiak. Ondoren, lehentasunak ezarriko dituzte, eta datozen bost urteetarako ekintza planean jasoko dituzte.


Bilera bat ikastetxeekin


Herriko hainbat gunetako herritarrak joan ziren ekintza plana osatzeko aurreneko bilera irekira. Esaterako, parrokiatik gertu bizi den herritar bat elizako kanpaien hotsaz kexatu zen. Pilartxo Enea parketik gertu bizi den beste bat, berriz, ordu txikietan han elkartzen direnek egiten duten zarataz kexatu zen. Barren Plazako bizilagunik ere ez zen falta izan bileran.

Beste batzuk taldean joan ziren bilerara: Orokieta eta La Salle ikastetxeetako guraso batzuk, hain zuzen. Kezkatuta agertu ziren autobidetik oso gertu daudelako bi ikastetxe horiek, eta haurrek zarata handia jasan behar dutelako. Udalarekin gaia landu nahi zutela azaldu zuten, eta Ingurumen Sailak aparteko bilera egingo du beraiekin, arazoari irtenbide bat ematen saiatzeko.

Erlazionatuak