Inaxio Uria 'Isasti'-ren bertsoak, aita futbolzaleari jarriak

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 15a, 14:51

Inaxio Uria 'Isasti'-k aita futbolzaleei zuzendutako bertso sorta idatzi du.

Doinua: Mutiko batek

1.
Aspaldidanik pentsaturiko
mezu hau zuretzako da
Hamalau urteren atarian
berretorri zait gogora
Erdibidean dago oraintxe
futbol partidan denbora
Zu etortzeak txangora
edo herriko kanpora
jartzen ninduen gustora
Baina gaur egun,eskatzen dizut
Gelditu zaite albora!
Partidaetan zehar sarriro
galtzen bai duzu ganora


2.
Zure jarrera ez dut onartzen
asko sentitzen dut, baina
Nahiz eta jakin kirol arloan
ohiko dela, alajaina!
Etengabeko presio horrek
du forofoen usaina
Zorrozten zaizu mingaina
Epaileari iraina
Erruduna marrazaina!
Lagun arteko kirol bat da hau
Ez ba burua engaina
Beraz etxean gelditu arren
maiteko zaitut lehen aina


3.
Lehen futbol zale izandakoa
bihurturik futbolero
Aurpegi txarra ta errieta
partida galdu ezkero
Erabaki bat hartu berri dut
ondo pentsatu ta gero
Zeren asteburuero
jartzen zara bero bero
Ez zara jabetzen, edo?
Orain zugandik opari gisa
hauxe dut bada espero
Nik inguruan behar dudana
aita bat da egunero