Bideaz gozatu zuten

Ainara Arratibel Gascon / Berria 2019ko ots. 15a, 16:12

Ainara Arratibel Gascon Berriako kazetariak Realeko bi jokalari ohien ibilbideaz erreportajea idatzi du. Bietako bat da Maite Lizaso zarauztarra.

Realak behin jokatu du Espainiako Kopako finalerdi bat: 2011. urtean, Bartzelonaren kontra. 2-0 galdu zuen. Partida hura jokatu zuten Maialen Zelaia eta Maite Lizaso jokalari ohiek. Ziur daude oraingoan talde txuri-urdina finalerako sailkatuko dela. Anoetan izango dira etzi.

Duela bi urte utzi zuten futbola Maialen Zelaiak (Donostia, 1988) eta Maite Lizasok (Zarautz, Gipuzkoa, 1983). Haien itxura eta baloia jotzeko modua ikusita, ordea, oraindik jokatzen segitzen dutela ematen du. Goi mailan aritzeak sortzen duen presiorik ez dute orain. Baina onartu dute berriro botak eta elastiko txuri-urdina jarri eta zelaian egotea gustatuko litzaiekeen egun horietako bat izango dela etzikoa. Realak «aukera historikoa» baitu estreinakoz Espainiako Kopako finalerako sailkatu eta 2011n beraiek lortu ez zuten balentria erdiesteko.

Zelaiak hamar denboraldi jokatu zituen talde txuri-urdinean, eta Realaren erasoko jokoari zentzua ematen zion jokalaria zen. Lizasok beste horrenbeste jokatu zuen Realean;halere, ondoren Athleticen jokatu, eta bertan utzi zuen futbola. Nortasuna zen haren ezaugarri nagusia. Biek eutsi diote izaera horri, eta hala erreparatu diote eurek jokatu zuten finalerdiari, eta igande honetako lehiari.

Egun hauetan maiz akordatu dira Bartzelonaren kontra jokatutako finalerdiaz. «Jendeak eta hedabideek gogorarazi didatelako, batez ere. Orduko argazkiak ikusi ditut Sandrarekin [Ramajo] eta irribarre dezente egin dugu», adierazi du Zelaiak. Antzera gertatu zaio Lizasori. «Ni, egia esan, gehiago oroitzen naiz aurretik jokatu genituen kanporaketez, finalerdietara iristeko bideaz. Hor egiazki gozatu genuen». Ordukoak eta oraingoak badu antzekotasunik, eta hori da bat: kanporaketak jokatu zituzten ligako talde guztien artean, sailkapena kontuan hartu gabe. Hori bai, joan-etorriko lehiak izan ziren. Final-zortzirenetan, Valentzia kanporatu zuten txuri-urdinek. Hor dago bigarren parekotasuna, sasoi honetan ere hala egin baitzuen. Sant Gabriel utzi zuen bazterrean, berriz, final-laurdenetan.

Hain zuzen ere, Sant Gabrielen kontrako kanporaketa izan zen bientzat «gogoangarriena». Zubietan 3-1 irabazi zuen Realak; alabaina, itzulikoan Sant Gabriel luzapena behartzeko gertu egon zen, 2-1 irabazi baitzuen. Txuri-urdinen gola Zelaiak berak sartu zuen. Amaieran festa handia izan zen.«Guretzat benetako ezustea finalerdietarako sailkatzea izan zen, ez genuelako inondik inora espero. Ederki ospatu genuen. Bartzelonatik itzuli, afaria egin, eta parrandan joan ginen Donostiako Parte Zaharrera», gogorarazi du Lizasok.

Zapore «gazi-gozoa»

Jakitun ziren Bartzelonaren aurkako finalerdian oso aukera gutxi zituztela. «Bartzelonak ez zuen oraindik egun duen maila, baina hasia zen gorako bidean. Jokalari oso onak zituen, batez ere aurrealdean. Gu, berriz, etxeko jokalariekin osatutako talde bat ginen, denak gipuzkoarrak. Horrek egiten zuen berezi guretzat partida. Izan ere, futbol talde bat bainoago, lagun talde bat ginen, eta elkarrekin hori bizitzea disfrutatu nahi genuen», nabarmendu du Zelaiak.

Erreportajea osorik dago ikusgai, berria.eus atarian.