20 urte bete ditu Lizardi Judo Klubak

Onintza Lete Arrieta 2019ko ots. 18a, 13:08
Ezkerretik hasita, Alvaro Mendibe, Iban San Martin, Oier Aranzabal, Jone Irastortza, Diana Lopez eta Sergio Bello. (Zarauzko Udala)

Gaur egun 300 kide ditu eta "sasoi onean" dagoela azaldu du klubak. Lorpenez eta emaitzez gain, azpimarratu dute kirol inklusiboa dela, eta denek dutela tokia. Urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi dituzte buruan, oraindik datak zehaztu ez badituzte ere.

1995ean ume talde batek egiten zuen judo kiroldegian. 1999an, Alvaro Mendibe lasartearra iritsi zen entrenatzaile lanetara, eta orduan sortu zuten Lizardi Judo Kluba. "Esfortzu eta lan askoren ondoren, emaitzak iritsi dira: gerriko beltzak, txapelketetan dominak, eta ikasle izandakoak tekniko eta irakasle bihurtzea", azaldu zuen Oier Aranzabal judokak ostiralean prentsaurrekoan. Gaur egun 300 ikasle ditu klubak.

Hain zuzen, Aranzabal bera ikasle izatetik irakasle izatera pasa zen klubean, eta bere esperientzia kontatu zuen. "Judoka guztiok oroimenean gordeta ditugu une batzuk. Nik hiru ditut bereziki: amak apuntatu ninduen eguna, esanez kirol honek asko emango zidala; Alvaro iritsi zen eguna; eta gerriko beltza lortu nuen eguna. Kluba ere, haziz joan da, eta lortu du bere gerriko beltza, 20 urte ez baitira egunero betetzen", esan zuen musikari eta zinemagile zarauztarrak. "Ikasle haietatik tekniko eta entrenatzaileen lehen belaunaldia sortu zen, nik ere entrenatzaile titulua atera nuen, eta gaur egun ere, klubera etortzen naizenean, besozabalik hartzen naute Alvarok-eta".

Mendiberen lana goraipatu zuten Aranzabalek ez ezik, baita Euskadiko Judo Federazioko Sergio Bellok ere. Gipuzkoako Judo Federazioko lehendakari Jone Irastorza ere izan zen prentsaurrekoan. Hark azpimarratu zuen judoa kirol inklusiboa dela. "Nazioartean lehiatzen dena eta hain trebea ez dena, denak batera entrenatzen dira. Eta ez dugu inor baztertzen: haur bat izan daiteke traketsa futbolean, edo loditxoa, baina denek dute tokia judoan".

Iban San Martin Kirol zinegotziak, berriz, eskerrak eman zizkion klubari egiten duen lanagatik, eta urteurrenagatik zoriondu zuen. Klubeko jokalari batzuk ere goraipatu zituen San Martinek. Batetik, Nayalde Lopez Espainiako Selekzioarekin ariko da Europako Kopan kadete kategorian; eta bestetik, Gorka Eizagirre Espainiako Txapelketan lehiatuko da junior mailan, aurrena gelditu delako Espainiako saikapenean.

Urteurren ospakizunak

Klubak urteurrena modu berezian ospatu nahi du, eta hainbat ekitaldi du aurreikusita. Oraindik, ordea, ez dute datarik aurreratu.

Ekitaldiak hauek izango dira:

  • Kategoria guztietako kirolariak elkartuko dituzte egun batean. Kategorika banatuta, LH1-2tik hasita helduetara arte elkartuko dira. Klubeko kirolari ohi guztiei egingo zaie deialdia entrenamendu bat egiteko eta jai giroan elkarrekin judoaz gozatzeko.
  • Argazki erakusketa.
  • II. Patxiku Topaketa Teknikoa, benjamin mailakoei zuzenduta.
  • Eskola Kirolaren barruko jardunaldia, infantil eta alebinekin.
  • Euskadi mailako txapelketa ofiziala, kadeteentzat.

Kluba zenbakitan

Lizardi Judo Klubak 300 kide ditu, eta lau sail: haurren judoa; judo egokitua; master maila; eta txapelketetara bideratutako alorra. Sail horiek garatzeko, sei teknikari kolegiatu ditu: bi entrenatzaile nazional, bi erregional, bi monitore instruktore eta prestatzaile fisiko bat.

Hala, haurren judoko sei talde daude, txapelketetan aritzen den talde bat eta master judoan aritzen den beste talde bat.

Judokek hogei urtean lortutako emaitzak zenbakitan jasota dituzte, eta honako datuak helarazi zituzten ostiralean:

  • 40 gerriko beltz baino gehiago
  • 6 domina Espainiako txapelketetan eta 21 kirolari sailkatuta
  • 46 domina Euskadiko Txapelketetan
  • 68 domina Gipuzkoako Txapelketetan

Oroigarria Zarauzko Udalari

Prentsaurrekoaren amaieran, oroigarria eman zioten udalari Euskadiko Judo Federazioak eta Lizardi Judo Klubak, erakunde pubikoaren laguntza eskertzeko. 

Pozik eta eskertuta jaso zuen oroigarria San Martinek.