Komunikazio Berdinzalerako Jarraibideen Gida argitaratu dute

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 18a, 12:51
Ahozko, idatzizko eta irudi bidezko komunikazioa barnebildu dituzte Komunikazio Berdinzalerako Jarraibideen Gidan.

Zarauzko Parekidetasun Departamentuak eta Elhuyar Aholkularitzak sortu dute, elkarlanean. "Komunikazioan adierazten ditugun joera sexistez jabetzeko eta horiek saihesteko jarraibideak eta adibideak" proposatu dituzte bertan. Hona hemen gida osorik.

Komunikazio Berdinzalerako Jarraibideen Gida sortu dute Zarauzko Parekidetasun Departamentuak eta Elhuyar Aholkularitzak, elkarlanean. "Hizkuntza komunikazio-sistema bat da, eta bere bitartez ideiak, pentsamenduak eta sentimenduak adierazten ditugu, hau da, tokian tokiko errealitate soziokulturala irudikatzen dugu", azaldu dute.

Beraz, "komunikazioan adierazten ditugun joera sexistez jabetzeko eta horiek saihesteko jarraibideak eta adibideak" proposatu dituzte argitaratu berri duten gidan. Ahozko, idatzizko zein irudi bidezko komunikazioa barnebildu dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntzaren erabilera ez sexistarako jarraibideak lana oinarri hartuta.

"Hizkuntzak errealitatea islatzeaz gain, errealitatea eraiki ere egiten du": "emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun-harremanak hizkuntzan islatzen diren modu berean, komunikatzeko erabiltzen dugun erak harreman horiek eraldatzen lagunduko du edo aitzitik, desberdintasunak iraunarazten", adierazi dute. Nabarmendu dute "arazoa" ez dela hizkuntza bera, "erabilera baizik".

Izan ere, "hizkuntzaren erabilera sexista eta androzentrikoa egiten dugu gizarte sexista eta androzentriko batean bizi garelako. Hizkuntzaren sexismoa ez dago hizkuntzaren baitan, hiztunaren errepresentazio mentalean, gure buruan, baizik. Oztopoak ideologikoak dira", gehitu dute.

Hona hemen Komunikazio Berdinzalerako Jarraibideen Gida osorik.